Aski Da! kolektiboak eskua luzatu dio Irungo Udalari, euskararekin pilatutako zorrak elkarlanean kitatzen hasteko

Koldo Nausia 2025ko ots. 13a, 13:16

Udalak hizkuntza politiketan akatsak egin dituela aitortu dio Aski Da! kolektiboari atzo egindako lehen bileran. Herri eragileek Udal Ordenantza betetzeko exijitu diote udal gobernuari, eta Euskara Hizkuntza Plana benetako prozesu parte-hartzaile batekin osatzeko. PSE-EAJko ordezkariek legea «zorrotz betetzeko konpromisoa» hartu dute, baita herri eragileek beranduenez irailan martxan nahiko luketen Euskara Mahaia eratzeko aukera aztertzeko ere.

Aski Da! Irunen bizi nahi dugu kolektiboak udal agintarien hainbat konpromiso lortu zituen atzo (otsailak 12) egindako aurreneko bileran. Abenduaren 4an gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsez egin izanak irundarrak asaldatu zituen, eta gabonetako txinparta hartatik hona, euskarak udalaren partetik historikoki jasan duen trataera aldatzeko nahia kolektibo honek bideratu du azken asteetan. Hasieratik euskalgintzako eragile ezberdinekin batera, Irungo eskola publikoetako guraso, auzo elkarte, kultur, sozial eta kirol arloko 35 elkartek bat egin zuten salaketa publikoa eginez. Udalak berehala barkamenak eskatu zituen publikoki, eta «gabonetako gertaera puntuala ez errepikatzeko» konpromisoa hartu zuen. Gertaturikoaz hitz egiteko, abenduaren 11n bilerara deitu zituen elkarte sinatzaileak, beste hainbat eragilerekin batera. 

Baina Aski Da! kolektiboak udal ordezkariei atzoko bileran aitortu dion bezala, nahiago izan dute «orduko haserrea baretu eta Irungo Udalaren partetik euskarak eta euskaldunek jasotzen duten tratuaren inguruan patxadaz hausnartzeko tartea hartu». Izan ere, beharrak identifikatu eta mezua adosteko erabili dute denbora elkarteek hainbat asanblada eginez, eta talde motorra sortuz.

Dagoeneko 40 elkarte atxiki dira mugimendura, eta haien printzipioetan berretsi eta kolektiboa sendotu ez ezik, bere aniztasunean amankomunean dituzten behar eta helburuak adostu ahal izan dituzte. Baita planteamendu zehatzak udalari aurkeztu ere. Abiapuntu gisa, urtarrilaren erditsuan luzatu zioten Irungo udal gobernuari bilera eskaera. Eta atzoko bilera egin artean PSE-EAJ koalizio gobernu berria osatu denez, atzo Cristina Laborda alkateaz gain, Euskara zinegotzi zen Nuria Alzaga alkateordearekin (PSE-EE), Euskara Zerbitzuko teknikaria eta arloko zinegotzi berriarekin ere egin dute bilera, Josu Iguiñiz (EAJ).

Kolektiboak adostutako 3 eskaera

Zentzu honetan, Laborda alkateak berak «eragile bakoitzak dituen interes anitzen artean, amankomunean dituzten helburuak adosteko egindako sukaldeko lana» eskertu die bileran. Izan ere, kolektiboa oso argia eta pragmatikoa izan da: 3 eskaera jarri ditu mahai gainean. 

Batetik, Udal Ordenantzak agintzen duena konplitu dezatela exijitu diote, bileran bertan hau beti bete ez duela aitortu duen udalari. Nuria Alzagak hau «zorrotz» betetzeko konpromisoa hartu du, eta beraz, normalizazio politiken baitan udalaren jarduera guztietan euskarari lehentasuna emango diotela hemendik aurrera.  

Bestalde, kolektiboa osatzen duten herriko eragileak kontuan izango dituen eta erabakietan horien parte-hartzea bermatuko duen Euskara Hizkuntza Plana elkarrekin garatzeko eskatu zieten udal agintariei. 2022tik osatzeko, publikoki aurkezteko eta onartzeko zain dagoen Euskara Plan berria erdi osatua daukatela jakinarazi zien Josu Iguiñiz zinegotziak, baina eragileek eskatutakoa aztertzera konprometitu da udal gobernua.

Aski Da! kolektiboak eskua luzatu dio Irungo Udalari euskara politikak elkarlanean garatu eta aurrera eramateko. Eta horretarako ezinbestekoa ikusten dute euskararen egoerari buruzko diagnostikoa, plan berriaren diseinua eta aurrerantzean egingo den ekintza plana osatuko duten neurrien jarraipena egitea. Horretarako Euskara Mahaia eratzeko proposatu dute arrazoizko epe batean, izan ere, uda ondoren martxan nahiko lukete. Udal gobernuak hau onartuko balu, kanpoko entitate aditu batek dinamizatzea beharrezko bermea dela dio kolektiboak. «Ohituegiak gaude, eta eragileon nekea eragin du urte luzetan, ustez parte-hartzaileak ziren prozesuetan udalak herrigintzaren iritzia entzun eta gero, nahi izan dutena hartu eta planak aurrera eramatea», diote kolektibotik, «konpromiso hitza askotan entzun dugu». Horrek desmobilizazioa eragin du sarritan euskal eragileen artean.

Baina orain berpiztu den dinamika berri honen olatua udalak aprobetxatzen jakin dezala espero dute: «borondate politiko berri bat nahi dugu, lan egiteko prest gaude eta gogotsu gatoz udaletxera, baina benetako prozesu parte-hartzaile eta erabakitzailea beharko da egin», argitu dute. Aipatutako Euskara Plan berria udalbatzak onartzeaz gain, eratuko luketen Euskara Mahaiaren onespena beharko luke haien ustez. 

Herrigintzatik udalaren egiteko moldeekin sentitzen duten nekeziak, euskarari ez ezik, euskal kulturari lotuta ere bada. Bileran parte hartu zuten zenbait elkarteetako ordezkarik Euskal Jira, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera edota euskarazko udalekuak antolatzerakoan topatzen dituzten oztopoak oroitarazi zikioten udal agintariei. Hori baita kolektiboaren hirugarren eskaera: Irunen euskara eusten duten euskal kultur ekimenak udalak aintzat hartu eta babestu ditzala. «Elkarteak oso erreta gaude, beti oztopoak topatzen ditugulako gure jardunean, merezi dugun trataera eta dirulaguntzak ematea eskatzen dugu, udalaren begirunea, eta ez gaitezen izan bigarren edo hirugarren mailako ekimenak».

Azken batean euskara eta euskal kultura prestigiatuko ez den bitartean, kaleko erabilera nekez emendatuko da. Eta Aski Da! kolektiboaren arabera, Irungo Udalaren ardura da erakunde publikoa den heinean, udalaren eskumenekoak diren zerbitzu eta jarduera guztietan euskarak merezi duen lekua eta euskal hiztunon hizkuntza eskubideak bermatzea. Horretan lan egiteko prestutasuna adierazi du udal gobernuak, eta Cristina Laborda alkateak eta Josu Iguiñiz Euskara zinegotzi berriak hitza eman dute formulak bilatuko dituztela kolektiboak egindako eskaerak legeak ahalbidetzen duen heinean bideratzeko. Erantzunaren zain geratu da Aski Da! Irunen bizi nahi dugu mugimendua momentuz.