Irungo merkatarien eta ostalarien Bidashop elkarteak Udalak abian jarritako Segurtasun eta Bizikidetza Mahaia utzi du, «udalarengandik abandonaturik» sentitzen direlako. Gaur San Juan plazan Alde Zaharra-San Juan eta Erdiguneko auzo elkarteek babestuta egindako agerraldian jakinarazi dutenez, «etsipenak jota» hartu dute erabakia. Batzorde horrek ustez dituen helburuekin bat eginez, bi urteotan modu aktiboan parte hartu eta gero, «hirian dauden segurtasun arazoak adierazi eta soluzioak proposatu egin dituzten guztietan, udalak ez ikusiarena egin duelako».
Susana Fernandez bozeramaileak argitu du aste honetan delituen datuak plazaratu dituztela, eta kriminalitate-tasa apaldu egin bada ere, Bidashop elkarteko kideen pertzepzioa bestelakoa da. «Lapurtu, mehatxu egin, erakusleihoak puskatu eta jazarri egiten gaituzte. Babesik gabe sentitzen gara eta bien bitartean erakunde publikoek beste aldera begiratzen dute. Ezin dugu gehiago» azpimarratu dute dendari eta ostalariek. Eta gogoratu dute 900 lapurreta urtebetean, egunean hiru lapurreta direla.
Zentzu honetan, Irungo Udalak «neurriak aztertzen ari direla» eta «segurtasun egoera hirian ez dela larria» aditzera ematen duen bitartean, haiek euren negozio eta establezimenduetan bizi duten egoera jasangaitza dela. Eta beraz, diskurtso ofiziala eta errealitatearen arteko aldea ikusita, «erakundeekiko konfiantza desagertu» egiten denez, Bidashop elkarteak Udalaren Segurtasun eta Bizikidetza Mahaia uztea erabaki du.
Hain justu, aste honetan bertan EAJ udal taldeko Iñigo Berges zinegotziak hartu berri du Segurtasun eta Bizikidetza (Udaltzaingoa barne) arloaren ardura. Gobernu koalizio berriaren baitan, Gorka Alvarez bozeramaile jeltzaleak Antxeta Irratian aditzera eman zuen joan den astelehenean, «etxebizitzaren arazoarekin batera segurtasun faltaren pertzepzioa» dela irundarren artean kezka nagusia. Eta horregatik, Udaltzaingoa indartzeko neurriak iragarri ditu EAJk, zehazki, PSErekin akordioan 12 udaltzain berri kontratatzea adostu baitute. Hala ere, Alvarezek azaldu du azken bi urteetan delituek ez dutela gora egin Irunen, eta «delitu txikiek pixkat gora egin zutela iaz, baina oraindik nahiko segurua den hiria da Irun, eta orain nahiko bare dago gauza».
Komertzioaren heriotza
Merkatariak eta ostalariak, aldiz, «ahaztuta» sentitzen direla salatu dute. Eta bizi duten egoerarekin batera, Irun historikoki izan den erosteko eta aisiarako erreferentzialtasuna galtzen ari dela diote. «Ostalaritza zaurituta dago, heriotzara kondenatuta» adierazi dute. Elkartearen arabera, «Irun poliki-poliki hiltzen ari da eta badirudi udalari ez zaiola axola». Izan ere, merkataritza eta ostalaritza babestu beharrean «ezertarako balio ez duten beste proiektuak» ikusten ari direla leporatu diete agintariei. Diotenez, baliabideak IAM pabiloira eta ViaIrun proiektura bideratzen ari direla salatu dute, «komertzioa eta ostalaritza berriro aktibatzeko planik ez» daukatela leporatuz.
Bestalde, aurki erdigunean indarrean ezarri beharko duten Emisio Apaleko Eremuaren neurriak negozioak itoko dituelakoan daude, baina horretan ere, diotenez haien iritzia ez da kontuan hartu. Era berean, TAO zerbitzua udalak iragarritako hasierako asmotik nabarmen urrundu dela azpimarratu dute, eta udalak «aparkalekuak modu eraginkorrean arautu beharrean, dirua biltzeko xedearekin erabiltzen duela».
Komertzioaren gainbehera Irunen
Irungo Udalari beste aldera begiratzeari utz diezaiola eskatu diote. Zentzu honetan, ezin ahantzi daiteke Irungo komertzioaren gainbehera 2008ko krisi ekonomikoarekin hasi zela, eta burua altxa ezinik zebilela, Irungo ekonomiaren zutabea izandako sektorea larriki hunkitua izan zela COVID pandemiaren ondorioz. Bestalde, multinazionalek hartu dute garai bateko tokiko kalitatezko dendarien jubilazioen ondoko lekukoa. 2008tik hona 300 establezimendu inguru galdu ditu sektoreak hirian.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022an egindako inkesta baten arabera, erosketen %25a baino gehiago internet bidezko salmentaren bidez egiten dute gipuzkoarrek, eta Amazon multinazionala bezalako furgonetak ezker-eskuin ikustea izan da komertzio txikiarentzat azken mehatxua. Irungo Udalak zenbait ekimen abian jarri ditu komertzioa biziberritu nahian azken urteetan. Haien artean, internet bidezkoan lehiatu nahian, Irun Market plataforma sortu du. Baina ez zaio inori oharkabean pasatzen, historikoki mota askotariko kalitatezko komertzioaren ikur izan den hiria, dagoeneko ez dela Nafarroako eta Iparraldeko jendearen erosketetarako erreferentzia. Eta Baionako Ametzondo edota handitu berri duten Donostiako Garbera bezalako merkataritza zentroen eragina handia da. Espaloietan dendak izan zireneko lokal hutsak ugaritzen doaz Irungo auzoetan, baita erdigunean ere.