Etxebizitza publikoaren zorra kitatzen hasteko, San Miguel-Anakaren lehen urbanizazio lanak martxan nahi dituzte udan

Koldo Nausia 2025ko ots. 20a, 15:43

Etxebizitza Gune Tenkatuaren izendapena onartu du Eusko Jaurlaritzak aste honetan. Ekintza Planak aurreikusten dituen 1.000 etxebizitza publikoen gehiengoa (887) jasoko dituen San Migel-Anaka eremua aktibatzea erabaki du IRUNVik. Donosti kaleko urbanizazioa udan abiatzeko ingurumen eta obra zuzendaritza esleitu berri dute 980.000 euroren truke. 

Irungo Udal Gobernuak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak Irun Gune Tenkatu edo Tentsionatua izendatzeko eskaera onartu egin du, eta atzo boletín ofizialean plazaratu zuen hau ofizialtzeko bide administratiboa. Horren arabera, Irun, Errenteria bezala, aurki gune tenkatua izango da, eta beraz, alokairuen prezioak mugatzeaz gain, udalak etxebizitza publikoa sustatzeko Ekintza Plana abian jarri ahal izango du.

Gune tenkatua izendatua izateko bi baldintza bete behar zituen Irunek legez. Azken 5 urtetan alokairuaren prezioa gutxienez %17a igo izana. Irunen %18,5 garestitu da. Eta aldi berean, etxebizitza gastuen karga familien diru-iturrien %30a gainditzea. Eta hortan ere, irundarren kasuan %32koa da. Beraz, baldintzak betetzen direnez Udal Gobernuak prozesua azkartzea erabaki zuen 2024 urte bukaeran.   

Haatik, arazoa ez da azken bost urteetan sortu. Eta Labordak higiezinen merkatuaren garapena orokorra dela jabetuta, eta Irungo hiriak «Donostia efektua» jasaten duela dion arren, kontuan hartu behar da, 2015az geroztik etxebizitzaren prezioa Irunen %42 garestitu egin dela. Eta alokairu pribatuaren prezioak bost urtetan %18,5 gora egin badu, gaur egun eskaintza oso eskaxa da. IRUNVIko zuzendariak, Idoia Yarzak aitortu duenez, egindako diagnostikoak agerian uzten du Irunen soldaten igoera oso txikia izan dela batez bestean azken urteetan, eta alokairu pribatu baten bila dabilenak oso aukera gutxi dituela. Hori dela eta, IRUNVIn etxebizitza sozialen eskatzaile zerrenda etengabe luzatu da azken urteetan.

Gaur egun, azken 20 urteetan eraikitako 978 etxebizitza publiko daude Irunen. Eta 1.000 gehiago eraikitzeko erronka onartu badute, 3.159 bizikidetza unitate daude IRUNVIko zerrendentan bizitoki publiko baten esperoan, eta horietatik ia 2.700 alokairu soziala eskatzen dute.

IRUNVIko Kontseiluan akordioak

Baina gune tenkatua izendatzearekin batera, etxebizitza publiko berriak eraikitzeko proiektuen garapenak jarraitzen du. Asteazken honetan, Cristina Laborda alkateak etxebizitza publikorako sozietatearen Administrazio Kontseiluan hartutako bi erabakiren berri eman du. Horietako bat, Teknika y Proyectos enpresari, San Migel-Anaka eremuaren urbanizatzeko obra zuzendaritza eta ingurumen proiektua esleitu diote 980.000 euroren truke.

Alkateak argitu duenez, 2022an erredaktatutako proiektua denez, urrats hau ezinbestekoa da proiektuaren prezioak eguneratzeko. Bere ustez uda honetarako Donostia kalearen urbanizazio lanak hasi ahalko dituzte, 887 etxebizitza publiko berri aurreikusten dituen San Migel-Anaka auzune berriaren eraikuntza abiatzeko funtsezkoa dena. 

Bestalde, El Pinar (Pinudia) auzuneko lurrazpiko aparkalekuan auto elektrikoak kargatzeko 12 puntu instalatzea erabaki dute. IRUNVIk hirian sustatutako alokairu publikoko aurreneko aparkalekua izan zen honakoa. Eta mugikortasun jasangarriaren irizpideei egokitzeko 53.365 euroko inbertsioa egingo dute azpiegitura berri horrekin.