Irungo Udalak ez du, aurten, Solas Jolas udaleku irekien iazko plaza kopuru eskasa handituko

Antxeta Irratia 2025ko ots. 26a, 12:19

Iaz 300 haur inguru plazarik gabe geratu ziren, baina aurten 600 plaza mantenduko dituzte udalak ez duelako aurrekontua handitu. Hala ere, 2026rako programa indartzeko asmoa adierazi du Josu Iguiñiz Euskara zinegotziak. Udaleku irekietan plaza eskatzeko epea martxoaren 3tik 14ra irekiko du Irungo Udalak. Eta izena emateko txandak zozketa bidez esleituko dituzte, apirilaren 28tik maiatzaren 12ra inskribitzeko.

 

Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak Solas Jolas udaleku irekiak aurkeztu zituen atzo. Urtero bezala, Irunen erroldatuta dauden edo Irungo ikastetxe batean matrikulatuta dauden haurrei zuzenduta dago, eta euskaraz hitz egin eta ulertzeko gaitasun minimo bat derrigorrezkoa da. Izan ere, atzerritik edo beste erkidegoetatik iritsi berriak diren haurrentzako, udan euskara praktikatzeko beste programa batzuk antolatu ohi ditu udalak urtero. Hala nola, 2007tik LH 5. eta 6. mailako zein DBHko ikasleei zuzendutako UdaGiro.

Solas Jolasen kasuan ere, udan euskara erabil dezaten eta aisialdi denboran euskara gozamenarekin lotu dezaten helburua du udalak. Josu Iguiñiz Euskara arloko zinegotzi berriak argitu duenez, aurtengoan ere 600 plaza eskainiko ditu udalak, bi txandatan banatuak. Uztailaren 3tik 30era lehena, eta bigarrena abuztuaren 4tik 29ra. Edizio honetan 2013 eta 2020 urteen artean jaiotako haurrek parte hartu dezakete, eta Iosu Iguiñiz zinegotziak azaldu digunez, «joan den urtean 900 haur inguruk plaza eskatu zuten, eta beraz, 300 bat kanpoan geratu zirela kontziente da udala». Baina programa indartzeko ez da diru gehigarririk bideratu aurten. «Aurrekontua dena da», esan du Iguiñizek. Hala ere, aurtengoan egoera errepikatuko balitz, heldu den urtean programa indartzeko asmoa adierazi du.

Plazak zozketa bidez banatuko dituzte 

Nolanahi ere, azken urteetan eskaera eskaintza baino handiago izan denez, aurtengoan ere, plazak zozketa bidez banatuko dituztela gogoratu du udal ordezkariak. Martxoaren 3an irekiko dute Irun Txartelarekin www.irun.eus atarian ala HAZ-SAC bulegoetako terminaletan plaza eskatzeko epea, eta martxoaren 14an itxiko dute. Martxoaren 31n onartu eta onartuen behin behineko zerrendak argitaratuko dituzte, eta apirilaren 4a arte erreklamazioak aurkezteko aukera emango du Euskara Zerbitzuak.

Behin betiko zerrendak apirilaren 9an egingo dituzte publiko, eta apirilaren 10ean onartutakoen izena emateko hitzorduen zozketa egingo dute. Zozketa horretan egoktituako hurrenkeran egin beharko dira inskripzioak, apirilaren 28tik maiatzaren 12ra, plaza erreserbatuz.

Inertziak apurtzeko programa

Baina iazko udan bezala, udaleku irekietan haur asko plazarik gabe gera daitezkeen arren, udaberri hasieran euskararen erabilerari bultzada emateko aitzakiarik ez da falta Irunen. Euskararen erabilera aisialdi denboran sustatzeko beste ekimen bat baitator bueltan martxoan. 2022an udalak Hezten elkartearekin abian jarritako Haurrak Parkean jolas dinamika.

Hezten enpresak dinamizatzen du programa, eta bertako Maria Viñasek esplikatu digunez, haurrek eta txikienen kasuan haien gurasoek ere, eskolaz kanpo euskaraz jarrai dezaten harremantzen bilatzen dute. Ekimen hau auzoetako haur parkeetara hurbiltzen da, eta adinaren arabera egokitutako dinamikak proposatzen dituzte begiraleek bi taldetan bereizita: 3-5 eta 6-9 urte artekoak.

Hurrengo hitzorduak martxoaren 5etik 28ra programatu dituzte, asteazkenetan Palmera Montero auzuneko Nagore Laffage eta Oinaurreko parkean, 17:00 Zabu-Zibu (3-5 urtekoentzat) eta 18:00etan Txirrintxon (6-9 urte artekoentzat). Eta ostiraletan, berriz, Arbiun plazatxoa (Landetxa-Katea auzoan) eta San Juan plazan egongo dira, ordutegi berean.