Irungo Udalak aurten indarrean ezarri beharko duen Isuri Apaleko Eremuari buruzko informazio eskasarekin kezkaturik azaldu da Alde Zaharra-San Juan auzo elkartea. Berez, 2024ko urtarrilerako plantan emana behar zuen Irunen, baina azken erabakia eta egin beharreko hirigintza proiektua atzeratzen joan da. Eta udalak Mugikortasun Mahaian iritziak bildu, egungo erdiguneko isurien neurketak egin eta diagnostikoaren txostena plazaratzeaz haratago, ez du erdigunean Isuri Apaleko Eremua zein izango den izango den, eta nolako proiektua garatuko duen argitu oraindik.
Koldo Susperregi, auzo elkarteko kideak dioenez, «aurten ezarri beharko dute, eta ez digute oraindik argitu nondik nora izango den, nola kudeatuko den, nork ahalko duen pasa eta nork ez». Honen aurrean, Irungo Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak udalari bere ekarpena egiteko asmoa adierazi du, eta eremu horren barruan bizi diren heinean, zuzenean hunkituak daudenez, auzokideen iritziak biltzeko bilkura irekia antolatu du martxoaren 7an. Egun horretan 19:00etan, gaiari buruz interesaturik dauden auzoko bizilagun guztiak gonbidatu dituzte auzo elkarteak Jesus kalean (udaletxe alboko eskaileren azpiko iturriaren parean) daukan egoitzara.
Denontzako onurak, bertakoen kaltetan
Eremu horren barruan dauden Erdiguneko zein San Juan-Alde Zaharra auzoetako bizilagunak hunkituak dira zuzenean. Eta auto gutxiago, kutsadura gutxiago ekarriko badu ere, ondorio guztiak onak izango direnik zalantzan jartzen dute auzoan. Susperregik ohartarazi du, ez dela gauza bera kanpotik erdigunera datozenak mugatzea, ala dagoeneko bertan bizi direnen ibilgailuak hunkitzea. «Batzuk garajea daukagu, beste batzuk San Juan plaza azpikoan ari dira ordaintzen aparkatzeko, baina askok ez dute dirurik, eta auzo osoan 300 plaza kendu dituzte azalean azken urteetako obretan, zer egingo dugu kotxeekin? Ohe azpian sartu? Ez da posible, jendeak Irundik kanpora lan egiten du eta askok kotxea behar dugu», kexu da.
Bestalde, azken urteetan gainbeheran datorren Irungo erdiguneko komertzioan ere eragin zuzena izango du bere ustez. «Jendeak ezin badu hirierdian sartu erosketak egitera, Garbera bezalako merkataritza zentroetara joateko gonbidapen bat da», argitzen du auzo elkarteko kideak. Alde Zaharra-San Juan auzo elkartea Erdigunekoarekin batera duela bi aste Bidashop merkatari eta ostalarien elkarteak egindako salaketarekin bat egin zutenean jada, Isuri Apaleko Eremuaren mehatxuaz ohartarazi zuten. Salaketa nagusia segurtasun arazoa bazen ere, erdiguneko mugikortasunak izango duen transformazioa «azken kolpea» suposa dezakeela pentsatzen dute.
Horiek hala, azken hilabeteetan hainbat udal talde politikoekin bilerak egin ditu auzo elkarteak, eta Isuri Apaleko Eremuari buruzko aukera eta proposamen ezberdinak entzun dituzte. Baina auzokideen iradokizunak eta zalantzak zeintzuk diren jakin nahi du auzo elkarteak, tenperatura hartzeko. Martxoaren 7an (19:00tan) antolatu duten bilera irekian proposamen bat adosteko helburu dute, udalari auzokoen jarrera komuna zein den helarazteko.
Izan ere, EAE mailan 50.000 biztanle baino gehiagoko hirietan ez ezik, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko Eibar edo Errenteria bezalako udalerri txikiagoetan ere, 20.000 biztanle baino gehiago dituztenetan ZBE edo Isuri Apaleko Eremuak ezartzearen alde azaldu da aste honetan. Eremu eta debeku zorrotzak baino, trafikoa baretuko duten neurriak hartzeko prest agertu da Lakuako gobernua. Irungo Alde Zaharreko auzo elkarteko kideak ez daude berez irizpidearen aurka. Baina gauzak zentzuz egin behar direla defendatzen dute. «Kotxea ez da ibili behar, ados, baina garraio publikoa indartu beharko da, alternatibak eman eta murrizketak ondoren egin, zer egingo dugu aldrebes? Ezin da etxea teilatutik hasi», dio Koldo Susperreguik.