«Ostiraletik hasita, arrakasta lortu zuen konpartsen aurkezpen ekitaldiak, San Juan plazan, kalean antolatzen genuela lehen aldia», azpimarratu du udal ordezkariak Antxeta Irratian. Bertako elkarte, eragile, dantza akademia eta eskoletako hainbat guraso elkarteen parte hartzea eskertu nahi izan du Alzagak.
Izan ere, Kemen dantza taldeak Pio XII. plazatik San Juan plazara kalejiran ospatutako Euskal Herri Inauterietatik hasi, eta Kemen ez ezik, Txorimaloan, Egoipar, Eraiki edota Meakako Adixkideak dantza taldeen larunbata eta igandeko baserriz-baserriko puska biltzearekin giroa aparta izan dela nabarmendu du.
Bestalde, udalak antolatutako kale animazio ugariekin batera, bi egunetan, milaka lagunek parte hartu dute Irungo inauterietako konpartsen desfilean. Guztira 14 konpartsa izan dira aurten, eta presentzia nabarmena izan dute Irungo dantza akademia ezberdinetan ari diren 2.000 neska-mutilen parte hartzea, eta txikienen guraso laguntzaile andana bat.
Inauteriei azken agurra
Gaur goizeko 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 19:00tara “munduko zirkurik txikinea” izendatu duten Petit Circus taldeak 30 minutuan behin saio bat eskainiko dute Urdanibia plazan. Eta bihar, inauteriak agurtzeko, Sardinaren Ehorzketa eta Zanpatzarren Erreketaren segizioa ospatuko dute Zabaltza plazatik San Juan plazarako bidean, 19:30ean. Iragarri dutenez, bukaeran Santiagoko Deabruak elkartearen traka finala botako dute.