Eskaera nagusiak lortu dituztela eta langile grebalarien «borroka eredugarria» goraipatu du ELA sindikatuak. Zazpi hilabete baino gehiagoko greba egin dute Merkal Calzadoseko langileek. «Langileek era iraunkorrean garatu dute borrokaldia. Zortzi dendatatik, lau itxita mantendu dituzte grebak iraun bitartean, eta beste bitan lanaldi erdiz izan dira. Hori funtsezkoa izan da zuzendaritzak langileen aldarrikapenak negoziatzeko», argitu du euskal sindikatuak.
Antzinatasun handiko langileak dira gehienak, 10, 20 eta 30 urtekoak, eta urteetako lana aintzat hartzea eskatzen zuten. Baita kontziliaziorako neurriak ere. Izan ere, urteko larunbat guztietan lan egin behar izaten dute, eta urtean libre hartzeko dituzten lau larunbatak ezin dituzte askatasunez aukeratu. Ez orain artean.
Izan ere, langileen eskaera nagusiak lan egutegia eta oporraldiak hobetzea izan dira hastapenetik. Negoziazioen bitartez urteko 16 orduko lanaldi-murrizketa lortu dute, eta langileek bi astetik behin larunbat arratsaldeetan lanik ez egitea ere adostu dute. Hortaz gain, langile bakoitzak norberaren aukerako egun bat izango du, eta Aste Santuko larunbatean lan egitea aukerakoa izango badu ere, lan egiten duenarentzat, ordu bakoitzeko plus bat jasotzea ere adostu dute.
Beste hainbat hobekuntza ere onartu ditu enpresak. ELA sindikatuak argitu duenez, ordaindutako lizentziak eguneratzea, eta eskudiruarekin egindako eragiketetan sortutako ohiko akatsak konpentsatzeko helburuarekin, dirua erabiltzeagatik kalte-ordainaren plusa aitortzea.
Negoziazio luzea
Lan gatazka luze hau bideratzeko negoziazio mahaia blokeatuta egon da hainbat hilabetez. Gipuzkoako Merkal Calzados enpresak 50 langile dauzka lantaldean, eta 2023an hitzarmen propioa negoziatzeko urratsak ematen hasi ziren, ikusirik hitzarmen sektoriala 2009tik berritu gabe zegoela, eta haien akordio propioaren indarraldia 2019an iraungi zela.
Grebara jo aurretik, hainbat hilabetez mobilizazio ezberdinak burutu zituzten langileek enpresari presio emateko. Elkarretaratzeak, prekarietatea irudiktzen zuten antzerkiak, sinadura bilketak, kotxe karabanak, eta greba mugimendu puntualak. 2023ko maiatzan ostiralero eta larunbatero greba egiten hasi ziren Irungo saltokian. Eta 2024ko uztailaz geroztik greba mugagabera jo zuten. Gora behera handiko borroka sindikala izan bada ere, «emaitza positiboa» izan duela azpimarratu du ELA sindikatuak, eta sektoreak bizi duen prekarietate maila ikusita, aurrekari bat markatu dezake.