Meategien historiari distira eta etekin turistikoa atera nahi diote Irunen

Koldo Nausia 2025ko mar. 5a, 11:06

Atzo hasi ziren Irugurutzetako guardaren etxea eraisten. Meaka auzoko inguru hau eta interpretazio zentroa birgaitzeko 1,6 milioi euroko inbertsioa egingo dute Europako Next Generation diru funtsek lagunduta. Erromatar garaitik datorren meatzagintzaren historia eta 1945 urtean betiko itzali ziren kiskaltze-labeen ondarea balioan jarri nahi dute, lehen mailako erreklamu turistiko bilakatzeko.

Hiriko ondare historiko eta industriala balioan jartzeko 1,6 milioi euroko inbertsioa egiten ari dira Meaka auzoko Irugurutzetako labeetan. Atzo bertara bisita egin zuten udal agintariek, Next Generation europar funtsari esker bertan egiten ari diren zaharberritze lanetara. Hasi berri duten proiektuak 12 hilabete iraungo du, eta labeen aurrean dagoen garai bateko guardaren etxea eraisten hasi ziren atzo bertan. Alboko errekastoa lehengoratu egingo dute, eta labeen aurrean bisitarientzako harrera plaza bat egokitzeaz gain, Irugurutzetako Interpretazio Zentroa egokitu, komuna publikoak instalatu eta igogailu bat ere ezarriko dute museo gunera eta kiskaltze-labeetara bisitarien irisgarritasuna bermatzeko.

Irugurutzetako labeak Aiako Harria Natur Parkearen sarrera diren heinean, kultura eta turismo erreklamu garrantzitsua direla nabarmendu du Cristina Laborda alkateak. Aditzera eman duenez, inguruko meategietan erromatar garaitik zilarra ustiatu bazen ere, «Euskadiko ondare industrialik garrantzitsuenetakoa dira XIX. mendeko labe hauek».

Cristina Laborda alkatea, Nuria Alzaga eta Gorka Alvarez zinegotziek azalpen teknikoak jasotzen atzoko bisitan.

Kontuan hartua behar da, Industria Ondarearen Europar Sareko partaide izendatu zituztela Irungo Irugurutzetako labeak. Eta turismo industriala sustatzeko helburua duten heinean, «historia eta ondarea babestu, eta istorioak kontatzen jarraitu beharra» dugula azpimarratu du Nuria Alzaga Kultura eta Hiri Bultzadarako zinegotziak.

Erromatar garaitik datorren historia

Irugurutzetako labeak eta meategia, erromatar garaian hasi ziren ustiatzen. Garai hartan galena ateratzen zuten Aiako Harriaren sabeletik, zilarra ustiatzeko. 1945. urtean betiko itzali zituzten, baina zilarra agortuta, burnia ustiatu zuten bertan XIX. mendeaz geroztik, Aiako Harriko Meazuri, Meagorri, Aitzondo eta Basakaitz galerietatik ateratakoa. Kiskaltze-labeetatik atera zuten azken burdina, Belgika eta Ingalaterrako konpainiek ustiatu zuten, eta adituen arabera, II. Mundu Gerraren industriak beharrezkoa zuen burdina izan zen hura.

Bisitarien harrera plaza, igogailua, komunak eta interpretazio zentroa berritzeaz gain, erreka lehengoratuko dute.

Galeria hauek Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen parte dira. Hain justu, Oiasso Erromatar Museoa Okzitania, Andorra, Katalunia eta Euskadiko zenbait lekutan barrena doan jarduera siderurgikoek utzitako industri ondare aberatsaren berri ematen duen Pirinioetako Burdinaren Bideari buruzko erakusketa antolatu zuen 2022an. Eta ondare horri etekin turistiko handiagoa atera daitekeela sinetsita dago Irungo Udala.

Izan ere, 2018az geroztik Oiasso museotik bertara Tren Berdean urtero 3.000 lagun inguruk egin dute Interpretazio Zentrora eta meategira bisita. Eta orain oinez hurbildu beharra dagoela mila lagun inguru interesatu ziren iaz. Hortaz, bisita turistikoa hobetuko duen proiektua da honakoa. Eta Nuria Alzagak argitu duenez, 1,6 milioi euroko inbertsio horretatik 450.000 euro elektrikoa izango den Tren Berde berri bat abian jartzeko bideratuko dute.

Irugurutzetako labeen eta Interpretazio Zentroaren proiektuaren planoak.

Cristina Laborda alkateak gogoratu duenez, Irugurutzetako labeen obra honekin udalak azken urteetan egiten ari den ondare historikoa balioan jartzeko lanketa sakondu nahi du. «Avenida Zubia birgaitu zen, erromatar termak aurki ireki ahal izango ditugu Oiasso museoan, Gaztelu Zahar egin zen, edota Urdanibiako Antxo jauregia birgaitzeko lanak ere egin ditugu azken urteetan», azpimarratu du alkateak. Azken honetan, 500.00 euroko inbertsioa egin zuten iaz 1644 urtean eraikitako Urdanibia plazako ondare nagusia babesteko.