Txenperenea eta IAM pabiloia bultzatzeko konpromisoa adostu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Antxeta Irratia 2025ko mar. 5a, 13:49

EH Bilduren ekimenez, Irungo IAM pabiloiarentzako finantzaketa konpromisoa sei hilabeteko epean ezartzeko, eta Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara klubekin hitzartutako aurreproiektuaren arabera lekuz aldatzeko eskumena duten instituzioei konpromisoa eskatzea adostu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek.

Irungo kirol instalazioen gabeziak hainbatetan salatu ditu Irungo EH Bilduk. Kirol azpiegituren diagnostikoa egin eta Pan Integral baten beharra osatzeko eskatu dio udal gobernuari azken urteetan. Hala ere, ez zaio inori oharkabean pasatzen Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikorik gabe, Irungo kirol klubek pairatzen dituzten gabeziek nekez lortu ahalko dutela erantzun egokia. 

Hartara, EH Bilduk gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako zuzenketaren bidez, estrategikoak diren zenbait proiektutan aurrera egiteko konpromisoa adostu dute. Jokin Melida batzarkide irundarrak defendatu du koalizio subiranistak aurkeztutako emendakina. «Promesa bete gabeen garaia bukatu da», argitu du Melidak, Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekuz aldatzeko eta IAM pabiloiari buruzko proiektuei buruz. Adostu dutenenez, bi proiektu hauek errealitate izateko aukera handiak izango dituzte datozen sei hilabeteetan.

Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskumena duten instituzioei Irungo kirol pabiloi berria egiteko finantzaketa konpromisoa ezartzeko, eta Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekuz aldatzeko hitzarmena berritu eta klubekin hitzartutako aurreproiektuarekin sei hilabeteko epean aurrera egiteko adostu dute. «Epea jartzearenak izugarrizko balio ematen baitio testuari», Melidaren ustez. 

Kirol klubek premia handiak dituzte Irunen. Eta EH Bilduk azaldu duenez, «kirol taldeak ezin ditugu eduki denbora gehiagoz irtenbide baten zain. Orain arte pazientzia soberan izan dute, baina erantzun zorrotza eta behin betikoa emateko garaia da, erakundeetan gaudenon aldetik». Halaber, erantzukizun handiena gobernatzen dutenena dela ekarri du gogora Melidak.

Zor historiko eta berriak

Gogoratu beharra dago, Plaiaundiko kirol instalazioak 1991z geroztik lekuz aldatzeko beharretan daudela. Eta 1993an Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irun eta Hondarribiko Udalek sinatu zituzten Lankidetza Hitzarmenak berritu beharra dagoela. Jokin Melidak Gipuzkoako Batzarretan gogoratu duenez, «duela hogeita hamar urte bertatik ateratzeko erabakia hartu bazen ere, gaur gaurkoz, hor jarraitzen dute oso baldintza kaskarretan». Txingudiko Plan Bereziak natur parkearen hezegunea lehengoratzera behartzen ditu erakundeak, eta atletismo pistak eta errugbi zelai berria eraikitzeko Txenperenea eremua adostu zuen Irungo Udalak 2018 urtean. Oposizioak bat eginik (Si Se Puede Irun-Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bildu) Txenperenea mendebaldea proposatu zuten, eta gobernuan gutxiengoan zen PSE-EE abstenitu egin bazen ere, udalbatzan onartu egin zen proiektua.

Aldiz, urteak pasa dira, eta «Irungo udalbatzaren gehiengoak erabaki zuen bezala, Txenpereneara eramateko ordua iritsia da. Irunekiko zein gure eskualdearekiko dagoen beste zor historikoa da», aldarrikatu du Jokin Melidak. Horren esperoan daramatzate hiru hamarkada Txingudi Errugbi Kluba eta Bidasoa Atletiko Taldea. 

Bestalde, batzarretan IAM pabiloiak behar duen babes ekonomikoa ere izan dute eztabaidagai. Artaleku kiroldegi zaharrak ez ditu oinarrizko baldintzak betetzen Bidasoa Irun eskubaloi taldeak Europa mailako lehiaketan aritzeko. Eta hirigintza aldetik, Irungo Udalak iaz Ficobako kanpo aparkalekuaren lurzorua IAM pabiloi erabil anitza eraiki ahal izateko argi berdea eman zuen. Baina Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren babes ekonomikoa ezinbestekoa izango da, proiektua gauzatu ahal izateko.

EH Bilduk pabiloi berria irekitzearen aldeko apustu garbia egiten du: «Lurraldean erreferente izan behar duen instalazioa beharrezkoa da, eta denboran ezin da gehiago atzeratu. Irunek duen neurria eta kokapenagatik estrategiakoa da». Hala ere, momentuz, proiektu baino asmoa da oraindik, eta 40 milioi euro inguruko inbertsioa beharko dela aurreratu dute udal ordezkariek. Anartean, Irun 2029ko Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketaren egoitza izendatu zuten 2024ko apirilean Parisen. Betiere, IAM pabiloiaren azpiegitura ezinbesteko baldintza bete beharko duelarik. 

Irungo Udalaren

Irungo Udalak poza adierazi du gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietan aipatutako zuzenketa aho batez onartu delako. Eta azpimarratu du zuzenketa horrek berretsi egiten duela joan den urtarrileko Udal Osoko  Bilkuran erabakitakoa. «Irungo kirol-instalazio publikoak hobetzeko beste urrats bat da hori», argitu du ohar baten bidez. Sei hilabeteko epean Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari, Irungo Udalarekin lankidetzan jarri daitezela IAM pabilioi berriaren proiektua aurrera eramateko, eta hura garatzeko beharrezkoak diren finantzaketa konpromisoak hartzeko eskatzen baitu zuzenketak. 

Era berean, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irun eta Hondarribiko Udalek 1993an sinatu zituzten Lankidetza Hitzarmenak berritu ditzatela eskatzen die Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, eta gerora Txenperenean kokatuko diren kirol-instalazioen aurreproiektua martxan jarri dezatela ere.