Irungo Udalak Mugikortasun Jasangarriko Arloaren bidez jakinarazi duenez, maiatzaren 1ean sartuko da indarrean TAO sistema hiriko beste auzo batzuetara hedatuko den kontratu berria. Guztira 17 TAO eremua egongo dira aurrerantzean, orain arte baino lau gehiago, 14. Artia, 15. Larreaundi, 16. Elizatxo eta 17. Kostorbe-Gal.
Gaur egun, TAO eremuko 5.141 plaza daude hirian. Baina Borja Olazabal Mugikortasun Jasangarrirako zinegotziak kontratu berria joan den udazkenean Antxeta Irratian aurkezterakoan aipatu zuenez, «azken urteetan aparkatzeko arazoak izan dira Artian, Larreaundin, Elizatxon eta Kostorbe-Gal inguruan, auzotarren artean batez ere, eta egoerari aurre egiteko hartu da eremuak bertara zabaltzea». Auzo horietan 2.996 toki berri sortzea erabaki du Udalak. Horrela, maiatzaren 1etik aurrera 8.137 TAO plaza izango dira hirian: 1.247 urdin, 6.487 berde, 23 gorri eta egoiliarrentzako 380 zuri.
TAO kontratu berria irailean onartu zuen udal gobernuak, eta egin beharreko egokitzapen lanak eta makinak instalatzeko otsaila-martxoa arte ez zirela martxan jarriko iragarri zuten. Azkenean atzerapen txiki batekin sartuko dira indarrean. Baina epe laburreko kontratua dela oroitarazi du udal ordezkariak. Izan ere, Isuri Apaleko Eremuak ekarriko dituzten aldaketen zain, trafikoan eta aparkatzeko ohituretan eragingo dituenen zain dira, eta bi urteko kontratu laburra egin dute.
Araupeko ordutegi berriak
Salbuespen batzuk izango dira ordutegien aldetik, baina oro har 19:30 ala 20:00etan amaitzen da TAO ordutegia. Berez, 1etik 12. eremuetara araututako ordutegia astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara izango da. Eta larunbatetan 9:00etatik 13:30era. Udalak argitu duenez, Belaskoenea, Artia, Larreaundi, Elizatxo eta Kostorbe-Gal eremuetan, aldiz, arratsaldean 18:00ak arte ordaindu beharko da, eta larunbatetan ez da martxan izango. Eta salbuespenen artean, Behobia (7. eta 11. eremuak) eta Iparralde etorbidea (10. eremua) ordutegi jarraitua mantenduko dute, astean zazpi egunez, astelehenetik igandera 9:30etik 19:30era.
Bestalde, hiri osoan egoiliarrentzako erreserbatutako tokien kopurua ere handituko da, gaur egungo 189 plazatatik 380 lekuetara bikoiztuz. Aldiz, aipatutako eremu berrietan bizi diren irundarrek egoiliar txartela eskatu ahalko dute, dagokion eremuan denbora mugarik gabe aparkatu ahal izateko. Udalak gogoratu du etxebizitza bakoitzak egoiliar txartel bakarra eskatzeko eskubidea duela.
Egoiliar txartela 32 euro kostatuko du, maiatzaren 1etik aurrera baliagarria izango denez, 2025eko bi lauhileko besterik ez baitira ordaindu beharko. Irungo Udalaren egoitza elektronikoan eska daiteke Irun Txartelaren edo beste ziurtagiri elektroniko baten bidez, edo aurrez aurreko HAZ-SAC Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan. Zalantzak argitzeko 943505152 edo 010 telefono zenbakira deitu daiteke.