Gizarte kohesioa josteko helburuarekin, 55 emakumek parte hartu dute 'Gure Artean" programan

Koldo Nausia 2025ko mar. 7a, 13:11

Irungo Udalak 2018an abian jarri zuen ‘Entre Nosotras-Gure Artean’  kultur-aniztasun bitartekaritza programa. Irungo emakumeen %15 kanpoko jatorria duela aintzat hartuta, haien integrazio bidean emakume ez migratuei ere zabaldu zuten programa 2021ean. Gizarte kohesioa josten laguntzeko, antolatutako jardueretan emakume migrante eta ez migranteen arteko harremanak bultzatu, eta laguntza edo babes-sareak osatzen dituzte.

Hasiera batean Palmera Montero gunean antolatzen hasi zituzten jarduerak, baina 2023an Irungo Emakumeen Etxeak ateak zabaldu zituenetik ‘Entre Nosotras-Gure Artean’ programaren dinamika bikoiztu egin da. Izan ere, hasierako urteetan 20-30 emakume inguruk parte hartu izan zuten bitartean, aurten 55 emakume izan dira kultur-aniztasun programa honetan parte hartu dutenak. Irunen bizi diren emakume migratuen integrazioa bilatzen duen heinean, 2021z geroztik bertako emakume "autoktonoentzako" ere zabaldu zuten programa, bere helburua indartze aldera. Harreman sozial berriak, babes eta elkartasun-sareak sortu eta Irungo gizartean errazago integratu daitezen.
 

Gizarte kohesioa josteko programa 

Jatorri ugariko emakumeak denak. Irungo gizartea bezain anitza da programaren dinamika. Parte-hartzaileek beren interes eta esperientzien berri ematen diote elkarri, Irungo ohiturak, kultura, baliabide eta zerbitzuak ezagutzeko, edota lana eta prestakuntza ikastaroak bilatzerako garaian ere. Era berean, behar duten emakumeek gaztelaniazko mintzapraktikak egiten dituzte.

Itsasne Galardi programa honen koordinatzailea da. Eta aipatu digunez, «emakume migrante eta ez migranteen artean harremanak estutzen jarraitzeko» ahaleginetan ari dira. Haien arteko esperientziak partekatu, eta behar izanez gero, enplegu bilaketan ere laguntza jaso dezakete programa honetan. Baita euren ikasketen titulazioen homologazioan aholkularitza jaso ere. Izan ere, atzerritik iritsi eta haien lanbidean ezin lan egin izateak, prekarizazioa ohi dakar. «Migratzea zaila bada, emakume hauetariko askok hutsetik hasi behar dute, euren jatorrizko ikasketek hemen ez dutelako balio, eta homolagazioaren esperoan edo beste ikasketa batzuk egin bitartean, lan prekarioak egitera behartuak ikusten dute euren burua», nabarmendu du.

Bestalde, autoestimua indartzeko ekintzak ere antolatzen dituzte haiekin. Izan ere, «emakumeak, etorkinak eta kasu askotan arrazializatuak izateaz gain, indarkeria matxistaren biktima ere badira haien artean». Diskriminazioaren trentza horren baitan, emakumeen jatorria anitza den bezala, haien diskriminazio iturriak ere ugariak direla aitortu digu. 

Programak egindako ibilbideak eraginkorra dela erakutsi du. Eta "Gure Artean" balioan jarri nahian, Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak, 'Gure artean' proiektuan parte hartu dutenentzako diplomak banatu ditu ostiral honetan. Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariaren eskutik jaso dituzte Emakumeen Etxean. 

Diploma banaketa

Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariaren hitzetan, «programa hau aukera bikaina da emakume migratzaileak gizarteratzeko eta hemengo kulturan murgiltzeko. Parte- hartzaileen arteko babes-sare hori oso atsegingarria da Irungo gizartea integratzeko. 'Gure artean' programan autoestimua, konfiantza, gaitasun komunikatiboak eta sozialak lantzen dira, besteak beste. Gizarteratzeko prozesuan laguntzen diegu, hori izanik Gizarte Ongizate arloak migratzaileekin duen helburu nagusia, kasu honetan, Irunera iristen diren emakumeekin. Horretarako, daukagun laguntza guztia eskaintzen diegu gure arlotik».

Udalak gogoratu duenez, 2023tik programa urte osoan irekita dago, eta prozesua errazteko telefono bidez ematen da izena. Parte hartu nahi duten emakumeek Bitartekaritza Soziokulturaleko zerbitzura deitu behar dute, eta eskatu besterik ez, 943 505 635 eta 602 218 196 telefonoan. Arreta 9:30etatik 13:00etara ematen dute astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan, eta ostegunean 16:00etatik 19:00etara. Dinamikarako bi talde osatzen dituzte, arratsaldekoa (17:00etatik 18:30etara) osteugnetan, eta ostiraletan goizekoa, 10:00etatik 11:30etara. Informzio gehiago emailez mediacion@irun.org edo Istillaga plazan dagoen Irungo Emakumeen Etxean.