Irun Hiria Musika Banda da aurtengo Irungo Erraldoia

Antxeta Irratia 2025ko mar. 10a, 11:34

Irun Hiria Musika Bandak mende erdi baino gehiagoan musikaren bitartez hiriarekin erakutsi duen pasioa, bikaintasuna eta komunitatearekiko konpromisoa omentzea erabaki du Irungo Atsegiña elkarteak. 2025eko Irungo Erraldoia saria apirilaren 26an emango diote elkartearen egoitzan.

Irungo handitasuna ohoratzen duen saria da Irungo Atsegiña elkarteak urtero banatzen duen "Irungo Erraldoia". Eta aurten irundarren bizitza hamarkada askoan aberastu eta hiriko harribitxi kulturala den Irun Hiria Musika Bandak jasoko du ohore handiko saria. Mende erdi baino gehiagoko historia duen musika bandak historia aberatsarekin eta musika ondare paregabearekin egin du bere ibilbidea belaunaldiz belaunaldi, eta elkartetik nabarmendu dutenez, musikari eta zaletuen belaunaldi askok parte hartu dute, «musikarekiko maitasuna eta tokiko talentua sustatzen».

Hala ere, musika bandaren lana ez da interpretazio musikalera mugatzen. Irungo Atseginaren ustez, «gizarte-kohesioko eragile garrantzitsua da, adin ezberdinetako pertsonak biltzen ditu, eta 52 urte hauetan zehar, taldeak Irungo kultur panorama aberasteaz gain, eskualdeko eta nazioarteko ekitaldietan egindako emanaldiekin, hiriaren izena berarekin eraman du». Izan ere, orkestra eta bakarlari ospetsuekin agertokia partekatzeko ohorea izan du musika bandak, eta bere musika herrialde osoko eta bere mugetatik haratagoko entzuleengana eraman du nazioarteko jaialdietan parte hartuz.

Irungo Atsegiña elkarteak heldu den apirilaren 26an (13:00ean) ospatuko du bere egoitzan sari banaketa ofiziala. Bertan izango dira tokiko agintariak, kultur arloko ordezkariak eta senidetutako elkarteak. «Sari hau Irungo izena harrotasunez eraman duten musikarien pasioa eta ahalegina aitortzeko da», azpimarratu du Jesus Rubio Irungo Atsegiña elkarteko presidenteak. Musika Bandak ohore handiz hartu du omenaldi kutsua duen saria. «Hau jasotzea ohore handia da bandarentzat, musikaren eta gure hiriaren alde lan egiten jarraitzeko motibatzen gaitu», adierazi du Lander Mesonero Irun Hiria Musika Bandaren presidenteak.

Irungo beste erraldoiak

1922 urtean sortutako Irungo Atsegiña elkartearen Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak ospe handia lortu du azken urteetan. Baina elkarte historikoa izanik ere, Irung Erraldoia saria 2015ean sortu zuten. Urteotan hiriko ikur diren elkarte eta pertsona anitz izan dira omendutakoak, ala haiek hiriaren alde egindako lanaren aitortzak. Aurrenekoa Real Union Club izan zen. Eta oraingoan musika banda bezalako kolektibo bat saritzea erabaki duten arren, ez dute ohikoena. Izan ere, 2021ean Bidasoa Atletiko Taldea eta 2022an Irungo osasun-langileak omendu zituzten. Gainerakoak pertsona ospetsu edo ezagunak izan dira denak: Jon Sistiaga kazetaria 2016an, Koldo Salinas eta Xole Aguirre, Brasil gozotegiko txokolategileak 2017an, Jose Luis Azkue pianu-jolea 2018an, Mertxe Rekarte akordeoi jotzailea 2019an, Joseba Sarriegi atleta 2020an, Leontxo Garcia kazetari eta xake dibulgatzailea 2023an, eta iaz Alberto "Bixio" Gorriz futbolaria.