Irungo Babes Zibila 21 boluntariok osatzen dute, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemari prebentzio lanetan eta lan operatiboetan laguntzeko helburua dute. Eta prebentzio lanak egiteaz eta larrialdietan esku hartzeaz gain, boluntarioak lehen arreta eta sorospen lanetan laguntza eman ohi diote Gurutze Gorriari. Alde horretatik, ekitaldi jendetsuenetan, laguntza sanitarioa emateko operatiboetan parte hartu ohi dute; kirol hitzordu handietan, sanmartzailetan edota auzo, kultur eta kirol elkarteek antolatutako ekimenetan, besteak beste.
2024 urteko balantzea egin du Irungo Udaleko Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako ordezkari Iñigo Bergesek. Irungo Udaltzaingoaren eraikin berean du Babes Zibilaren egoitzak, eta bertan egindako agerraldian zinegotzi jeltzaleak aditzera eman du, Babes Zibileko boluntarioek 71 aldiz esku hartu zuten iaz, eta orotara 1.268 orduko zerbitzua eman zuten. Horietatik % 60 kultur eta kirol arloko zein aisialdiko ekitaldietan segurtasuna bermatzen. Beste % 22,53 alerta egoeretan eta larrialdietan esku hartzen, eta orduen gainerako %16,90 prestakuntza eta gizarte gaiak lantzen.
Uholde arriskuak Irunen
Hala ere, aurten udalak Santiagoko Real Union pasealekuan neurriak hartu ditu uholdeen aurka, eta alerta egoera baten aurrean, eta marea-biziekin batera, Behobian aspaldi Babes Zibilak jartzen dituen konporten sistema antzekoa instalatzeko lanak burutu dituzte Santiagon ere. Udalak argitu duenez, urtarrilean, otsailean, martxoan, irailean eta urrian, alerta abisu gehiago eman ziren uholde arriskuengatik Behobia parean eta Stadium Gal futbol zelaiaren atzeko bidegorrian Bidasoa ibaiak gainezka egin zuelako itsasgora handiengatik, baina Babes Zibilak aurrea hartu zion. Urrian, azaroan eta abenduan, berriz, haizete bortitzengatiko alertak eman ziren, eta horretan ere esku hartu behar izan zuen Babes Zibilak haizeak botatako zuhaitzak eta beste objektu batzuengatik.
Iñigo Bergesek Babes Zibileko boluntarioen lana estimatzekoa dela azpimarratu du. «Lan itzela egiten dute, gogoan hartu behar dugu urte osoan ematen dutela laguntza, kirol lasterketetan eta ekitaldi publikoetan segurtasuna bermatzeaz gain, Bidasoa ibaiak gainezka egiteko arriskua dagoenean uholdeen kontrako neurriak hartzen dituztela, baita alerta egoeretan esku hartzen ere».
Aurtengo hobekuntzak
Era berean, 2025erako Babes Zibilak bi proiektu berri bultzatuko ditu. Batetik, komunikazio analogikoa berreskuratzea, digitalak huts egiten duenean beti prest egoteko. Eta bestetik, urtetik urtera areagotzen ari diren uholde arriskuei aurre egiteko, Jaitzubiko errekak gainezka egiten duen mailak monitorizatzea. 2024an ez zen izan eguraldiarekin zerikusia zuen garrantzi handiko alertarik, eta Behobian eta Santiagoko bidegorrian emandako marea-biziek ez dute eragin kalte materialik edo pertsonalik.
Joan den udazkenean euriteen ondorioz, Jaizubia zaldiketa eskolaren eta Txingudi ikastolaren artean errekak gainezka egin zuela ikusta, Jaitzubiko errekaren arriskuak aztertzea erabaki du udalak. Hala beharrezkoak diren prebentzio neurriak garaiz hartu ahal izateko, Behobian eta Santiagon egiten den modu berean, honen ur emaria monitarizatzeko sistema martxan jarriko dute 2025 honetan.
Bestalde, 2016tik Udaltzaingoaren eta Babes Zibilaren arteko komunikazioa digitala da, baina, badaezpada ohiko irrati eta talkie bidezko komunikazio sistema zaharra ere berreskuratzea erabaki dute.
Esan gabe doa, boluntarioak izanagatik ere, egiten duten lanaren garrantzia kontuan hartuta, prestakuntza jasotzen dutela. Iaz Babes Zibileko boluntario izateko oinarrizko ikastaroak, lehen sorospenerako bihotz-birikak suspertzekoak, mendian nork bere burua babesteko eta erreskate lanak edota larrialdietan arreta psikologiko eta soziala emateko formakuntza jaso zuten.