Eskola orduetan kultur aletxo bat jarriko du Euskararen Hilabeteak

Koldo Nausia 2025ko mar. 12a, 13:52

Apirilaren 9a arte hainbat antzerki, bakarrizketa eta proiekzio antolatu ditu Euskara Zerbitzuak Amaia KZn, eskola orduetan HH, LH eta DBHko ikasleei zuzenduta. Bestalde, Mondragon Unibertsitateko ikasleek koordinatuta, Irungo ikastetxe guztietako DBHko koxkorrenek Gazte Mintzodromoan parte hartuko dute Palmera Montero gunean, martxoaren 14an eta 21ean.

"Martxoa, jarri euskararen aletxoa" lelopean Euskararen Hilabetea antolatu du Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak. Aurreko urteetan bezala, bereziki ikastetxeei zuzendutako programa da, eta eskola orduetan garatuko den programak «hizkuntza ohituretan eragiteko helburua» duen heinean, adinaren araberako kultur hitzorduak proposatu dizkiete 8.000 ikasle inguru biltzen dituzten Irungo HH, LH zein DBHko hezkuntza zentro guztiei.

Josu Iguiñiz, Euskara arloko zinegotziak azpimarratu duenez, «gazte askok dagoeneko egiten duten bezala, erabilera oro har handitu nahi badugu hizkuntza ohituretan eragitea ezinbestekoa izango da euskara sustatzeko». Horretarako, gazteentzako hainbat jarduera antolatu dituzte martxoan zehar. Antzerki, ikusgarri eta hitzaldiak batetik, eta Mondragon Unibertsitateko ikasleek koordinatuko duten Gazte Mintzodromoa. Halako bi egingo dituzte, eta Irungo ikastetxe ezberdinetako 4.DBHko ikasleek parte hartuko dute Palmera Montero gunean, martxoaren 14an eta 21ean. 

Bestalde, Txalo produkzioak konpainiaren 'Amak' antzezlanak eman dio gaur hasiera Amaia KZn antolatu duten Euskararen Hilabeteko programari. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako gazteei zuzendutako antzerkia izango da honakoa. DBH 1. eta 2. mailakoek, aldiz, arrakasta handia lortu duen Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohi, aurkezle eta umoristaren "Futbolistok" bakarrizketa saioaz gozatuko dute martxoaren 13an eta 14an (10:00etan). Errealarekin Lehen Mailako futbolari zenetik pairatu zuen Asaldura Obsesibo-Konpultsiboaz hitz egiten du, besteak beste. 

Txikienen kasuan, HHko 3., 4. eta 5. mailako ikasleei zuzenduta Nagore Gonzalez eta Idoia Tapiarekin "Amama" antzezlana proposatuko die Edabe konpainiak. Bost pasaldi izango dira guztira, martxoaren 18an, 19an eta 20ean. Azkenik, LH 3. eta 4. mailako ikasleek Leire Orbe eta Maite Fombellida aktoreekin "Mamuak" ikusi ahal izango dute. Anodino Teatro konpainiaren lau pasaldi izango dira apirilaren 2an eta 3an. Bertan, ikastetxe bateko itxaron gelan atera ezinik gelditzen diren lau emakumeen arteko istorio desesperagarria umoretik antzeztuko dute.

Udal ordezkariak gaineratu duenez, apirilaren 9an (19:00etan) Laburbira zirkuitoaren barruan ere, gazteei zuzendutako euskarazko laburmetraien hautaketa bat ikusi ahal izango da ate zabalik. Amaia KZko hitzaldi aretoan egingo dira proiekzioak, eta hauek izango dira aurkeztuko dituzten lanak: 'Prosopagnosia' (Ekain Martinez de Lizarduy), 'Plazer bat' (Sonia Estevez), 'Betiko gaua' (Eneko Sagardoy), 'Europa' (Ekain Irigorien), 'Pentsatzen dut' (Alaia Martin Mitxelena eta Uraitz Mateo), 'Hor konpon' (Jone Arriola), 'Goodbay kepler' (Nerea Ayala) eta 'Utlandsk' (Alba Lozano). 

Bestalde, Euskararen Hilabetean urtero egin ohi duen bezala, Irunero aldizkariak HH eta LHko ikasleek egindako lanak plazaratzeko ale berezi bana argitaratuko ditu ere. 

Euskaraldia Irunen

Bien bitartean, maiatzaren 15etik 25era Euskal Herri osoan kontzientzia linguistikoak pizteko eta herritarrak aktibatzeko ospatuko den Euskaraldia ariketa soziala prestatzeko lanean dihardu Euskara Zerbitzuak. Iguiñizek aditzera eman duenez, martxoaren 11n egin berri dute herri eragileekin horretarako bigarren bilera. Eta aurki Euskaraldia Irunen dinamizatzeko antolatuko dituzten ekimenen berri emango dute. Baina iragarri dutenez, hizkuntza ohiturak eraldatzeko ahaleginak auzoetan egin nahi dituzte bereziki.