Irundarren kontsumo ohitura berrietara egokitzen ari da tokiko komertzioa

Koldo Nausia 2025ko mar. 13a, 12:55

Kontsumo ohitura berrietara egokitzeko urrats berri bat eman du Irun Market egitasmoak. Nafarroa hiribidean, Mendibilgo azokan eta Hondarribia kalean kontsignak instalatu dituzte, tokiko komertzio txikian internet bidez erositakoa "nahi duzunean" (24/7) jasotzeko. Etxeetara egiten den bezala, honetan ere Badoa kooperatibak egingo du banaketa bizikletaz, eta kontsignek hozgailua dutenez edozein produktu motarako balio dute.  

Eguneratu ala hil. Irungo merkatariek argi dute digitalizazioa eta modernizazioa ezinbesteko urratsa dutela gaur egungo lehia komertzialari bizirauteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azken inkesten arabera, lurraldeko herritarrek erosten dituzten produktuen %25k internet bidez erosten ditu. Kontsumo ohiturak nabarmen aldatu dira azken urteetan, eta historikoki komertzioaren ikur izan diren hiriak, online eskaintzaren oihan horretan bere distira galtzen doaz. Irun ez da uharte bat, eta tokiko komertzioa kontsumitzaileen desira, ohitura eta beharretara egokitu beharra du. Eta multinazionalekin lehiatzeaz haratago, internet bidez saltzeko jauzia eman zuten 2022an Irun Market egitasmoari esker.

Irungo Udala bidelagun daukatela, plataforma honetara atxikitutako establezimenduek internet bidez saldu, eta bezeroek dendan edo beren etxeetan produktua jasotzeko aukera izan dute orain artean. Horretarako, kontsumo jasangarria bultzatu nahian, bertako Badoa kooperatibarekin hitzarmena izenpetu zuen udalak, banaketa zerbitzua bizikletaz egiten baitute. Gaurtik aurrera, aldiz, internet bidezko plataforma handien antzera, kale eta leku publikoetan instalatutako kontsignetan ere izango dute irundarrek online erositakoa jasotzeko aukera.

24/7 kontsignak 

Irungo Udalak eta Bidashop merkatarien elkarteak sistema berria aurkeztu dute gaur. Nafarroa hiribidean (Telepizzaren aurrean), Mendibilgo Azokan eta Hondarribia kalean halako hiru instalatu dituzte, eta aurki erabili ahal izango dira. Nuria Alzaga, Hiri Bultzadarako zinegotziak azaldu duenez, «erosketak Irun Market plataforman egin eta sortuko den QR batekin, bezeroak makina hauetan nahi duenean jaso ahal izango du», argitu du udal ordezkariak. Izan ere, "Erosi betiko dendan, jaso nahi duzunean" leloa azpimarratu dute kontsignen iruditerian. Eta Badoa kooperatibak egingo du ere, etxeetara bezala, kontsigna hauetara produktuen banaketa. Zehaztu dutenez, hozgailua badutenez, edozein produktu mota (elikagai freskoak ere) jaso ahal izango da bertan.

Nuria Alzaga zinegotzia eta Bidashop elkarteko ordezkaria Nafarroa hiribideko kontsigna estrenatzen. 

Makina hauen funtzionamenduari buruz informatzeko, martxoaren 14an postu bat jarriko dute Mendibilgo Azokan. Eta kontsigna sistemaren berri emateaz gain, Irun Market online plataformari buruz informatuko dute. Gainera, martxoaren 31 arte indarrean dagoen "30ak 20 berriak dira" lelopeko deskontu kanpainaren berri ere emango dute bertan. Eta martxoaren 21ean Serapio Mujika kalean (Pio XII. plaza inguruan) ateak zabalduko dituen "Irun Commerce Lab" tokiko merkataritzarako berrikuntzarako gunean ere kanpaina egingo dute martxoaren 22an eta 25ean. Tokiko merkataritzaren sektorean enpresen digitalizazioa eta lehiakortasuna bultzatzeko esperimentaziorako gune bilakatzeko helburua du udalak. 

Izan ere, komertzio txikiak eguneratu beharra du. «Ez dago barita magikorik, baina ahalegin handiak egiten ari gara bertako komertzioa suspertzeko, ekonomian duen pisua ez ezik, sozialki hiria bizirik mantentzeko ezinbestekoa delako», aditzera eman du Alzagak. 

Deskontu kodeen kanpaina

Bestalde, eta tokiko kontsumoaren pizgarri gisa, bigarren urtez jarraian martxoan 30.000 euro deskontu-kodeetan banatuko ditu udalak, online salmentarako plataforman erosketak egiten laguntzeko. Joan den astean aurkeztu zuten kanpaina, eta kode horiek Egoitza Elektronikoaren bidez eskatu ahal izango dira martxoaren 31 arte. Hiri Bultzadarako arlotik gogoratu dute, pertsona bakoitzak kode bakarra eska dezakeela. Eta behin eskaera egindakoan mezu elektroniko bat jasoko duela dagozkion bost deskontu kodeekin.

Jada maiatzaren 5etik ekainaren 15era arte, deskontuak trukatu ahal izango dira on line saltzeko plataformari atxikitako saltokietan, Irun.market-en. Nahikoa izango da erosketa egitea eta kontsumitzaileak trukatu nahi dituen kodeak sartzea. Deskontuak erabiltzeko unean kontuan izan beharrekoak. Aipatutako deskontuak, gehienez ere, bost erosketatan erabili beharko dira, baina bonu bat baino gehiago (edo guztiak) erosketa bakarrean erabil daitezke. Baina betiere, deskontu kode bakoitzeko 30€ko gastua egin beharko da, 10 euroko beherapena eskuratzeko. 

"30ak 20 berriak dira" lelopean, eta Irun Marketen Hilabetearen barruan, Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Hiri-bultzadako ordezkariak, gaur goizean, komunikabideen aurrean, online salmentarako Irun Market plataformaren esparruan funtzionatuko duen kontsigna berrietako bat aurkeztu du.