Irungo kaleetan topa ditzakegun eskulturen artean Luis Mariano edo Pio Baroja ditugu ezagunenak. Emakumeak omentzen dituztenak, aldiz, Urdanibia plazako Berroa baserriko andre baserritarra dago edota Oiasso Museoaren parean kantinera. Izenik gabekoak biak. Irungo Bilgune Feministak bultzatuta, Irungo kale deitura frankistak berrizendatzeko prozesuan joan den hamarkadan Maritxu Anatol, Martxoak 8 edo Poxpologile kaleak izendatu ziren artean ere, bi kale besterik ez zeuden Irunen emakume izena zeramatzatenak. Adierazgarria.
2009an abiatutako kale izendegiaren proiektuari esker, egun 8 kalek dute emakume edo emakumearen inguruko izena, herriko iruditegi kolektiboan txertatuz. Hartara, 2015ean sortutako Parean elkarteak Irungo historiako emakumeen izenaz haratago, emakume edo kolektibo horien izana ere berreskuratu nahi izan du azken urteetan, jendarteak haien historia ezagutu eta berriz gal ez daitezen. Bide horretan, 2017-2018. urteetan, Irungo artxiboan arakatuz emakume gehiago aurkitu eta proposamen gehiago egitearekin batera, emakume hauen historia ezagutzera emateko "Irungo emakumeak plazara" dokumentala plazaratu zuten. Bertan mandatugileak, Vicenta Olazabal, Poxpolugileak, Julia Iruretagoyena, Dolores Salis, Menchu Gal eta Leire Landaren figurak lehen planora ekarri zituzten. Eta hari horretatik tiraka, emakume, historia eta istorio gehiago berreskuratu ditu azken urteetan Mertxe Tranche historialariak.
Mertxe Tranche ikerlariak eman zituen azalpen historikoak Istillaga plazan egindako aurkezpenean.
Izan ere, hiriko kaleetan 'Irungo Emakumeen Aztarnak' identifikatu eta balioan jartzeko proiektuari segida eman diote. Ainara Lopez, Parean elkarteko kideak dioenez, «emakume askoren lanari esker da Irun gaur egun den bezalakoa, eta hori balioan jarri eta ezagutzara eman beharra dago». 2022an egindako ikerketa lanaren berri ematen duen liburua eta www.parean.eus atarian proposatzen duten ibilbide interaktiboarekin batera, iaz 1.500 ikasleri bisita gidatuak eskaini zizkieten. Eta udaberri honetan ere, bi orduko ibilaldian Irungo emakumeen lanbide eta izen propio zenbaitzuen urratsak jarraituz, martxoan, apirilean eta maiatzean LH 5. eta 6. mailako ikasleek izango dute aukera ezagutzeko.
Errepresentazio historikoa
Baina eskoletako ikasleengana ez ezik, Mendibil heziketa zentroko jantzigintza, ile-apainketa eta makillaje ikasle koxkorragoenekin ere partekatu nahi izan du Parean elkarteak bere proiektua. Baita haien ekarpenekin ekimena aberastu ere. «Proiektu beretik ekimen berriak sor daitezkeela ikustea polita da, eta orain arte heltzen ez ginen ikasle kolektibo batengana iristea lortu dugu», dio Pareaneko kideak pozik.
XIX. eta XX. mendean Irunen ibilitako kontrabandista, estraperlista, inudeak, baserritarrak, prostitutak edota Menchu Gal bezalako margolariaren figurak aintzat hartuta, “Emakumeak historia kontatuz” errepresentazio historikoa egin zuten atzo Istillaga plazan, Irungo Emakumeen Etxearen atarian. Mertxe Tranche historialariaren azalpenekin batera, 17-18 urteko ikasleek haiek egindako lanak aurkeztu zituzten modeloetan irudikatutako garai bateko jantziekin eta apainketa lanekin.
Marian Irastortza jantzigintzako irakasleak aitortu digunez, «ikasleak harritu egin dira, beste garai bateko oihalak eta josketa teknikak erabili behar izan dituztelako, eta garai haietako Irun nolakoa zen ikertu». Proiektua aberasgarria izan dela diote ikasleek ere. Antolatzaileen arabera, proiektu beraren urrats bat gehiago besterik ez da izan honakoa. Sistema heteropatriarkalak estali duen emakumeek eraikitako Irungo historiari ikusgarritasuna emateko helburu duen proiektua ez baita hemen amaitu. «Emakume entzutetsu asko dago ikertzeko oraindik, eta gure amoñek egindako lana ikusarazteko», dio Ainara Lopezek.
Alde horretatik, gehiago jakin nahi duen orok, martxoaren 23an 10:30ean 'Irungo Emakumeen Aztarnak' biltzen dituen ibilbidea egiteko aukera emango dute Mertxe Trancheren eskutik.
Bien bitartean, LHko 10-12 urte arteko ikasleek ere maiatza artean egingo dituzte halako bisita gidatuak. Parean elkarteko kideak ekimen honen helburu pedagogikoarekin sinetsita daude. Lopezek nabarmendu duenez, «belaunaldi berriek haien gurasoek baino gehiago dakite orain Irungo emakumeen historiari buruz, eta bisitaren datu guztiak ez dituzte gogoratuko, baina hausnarketa politak egin ohi dituzte neska-mutikoek».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!