Podemos Irunek Solas Jolas udaleku irekien egungo eskaintza eskasa dela salatu du, eta Irungo Udalak eskaintzen duen zerbitzu publikoa indartzeko ahalegin bat eskatu dio udal gobernuari. Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen programa hau uztaila eta abuztuan Irunen erroldatutako eta eskolatutako haurren euskararen erabilera bultzatzeko helburua badu ere, udalekuek betetzen duten «funtzio soziala», azpimarratu du Miren Etxebeste Podemoseko bozeramaileak. «Haurren inklusioa eta aukera berdintasunean sozializazioa bultzatzen duen programa da, eta familien kontziliazio hobetzeko helburua du ere», gogoratu du.
Horrenbestez, iaz 400 haur plazarik gabe geratu ondoren, aurten berriz 600 plaza eskaini izana ez du aski denik ikusten, «are gutxiago 2024an behar bereziak dituzten 16 ume plazarik gabe geratu zirela ikusita». Aurten Solas Jolas programan izena eman duten haurren kopurua urtetan izandako apalena da, udalak ez baititu mila eskaera ere jaso. Hala ere, horien artean behar bereziak dituzten 82 haurrek eskatu dute lekua, eta hauentzako udalak 30 plaza besterik ez ditu espresuki haientzako eskainiko. «Familia horiek dituzte arazo gehien udan, leku pribatu askotan ez zaielako zerbitzua edo zaintza berezia segurtatzen», oroitarazi du Etxebestek. Era berean, «900ndik gorakoa izan bada aurten eskaera orokorra, egia da ez direla garai bateko 1.400eko zifrak, baina horregatik hain justu, orain du udalak aukera beste alternatiba pribatu batzuk erabiltzeko zailtasunak dituzten irundarrei zerbitzu publiko osoa emateko».
Horretarako programa duen aurrekontua handitu behar da. Udal talde honek 150.000 euroko aurrekontu gehikuntza eskatu zuen 2024an. Proposamena ukatu egin zela gogoratzen du Thania Pazos Irungo Elkarrekin Podemoseko zinegotziak, «kontratuak ez zuela aldaketarik onartzen argudiatu zuen udal gobernuak orduan, baina aztertu dugu eta ikusi dugu kontratuak gehienez ere %20ko gehikuntza onartzen duela». Apirilean negoziatuko duten kreditu aldaketan hau kontuan har dezala eskatzen dute, 87.000 euro programa indartu eta plaza gehiago eskaini ahal izateko. «Ezin dugu onartzen jarraitu haur batzuk urtez urte kanpoan geratzea, aurreikuspen faltagatik eta borondate politikorik ezagatik», dio Podemos Irunek.
Jangela zerbitzua
Podemos Irun alderdiaren ustez, Solas Jolas kanpoan uzten dituen behar bereziak dituzten haur guztiei plazak eskaintzeaz gain, jangela eta zaintza zerbitzua ere eman beharko luke. «Irune gero eta familia zaurgarri gehiago dago, eta ikasturtean zehar eskolan eguneko otordu garrantzitsuena bermatua duten bitartean, uda garaian haur horientzat udalekuetan jangela zerbitzua garrantzitsua izango litzake», azpimarratu du Miren Etxebestek. Gogoan hartu behar da, Irungo eskola publikoetako ikasleen %65 inguruk Eusko Jaurlaritzaren beka jangela jasotzen duela gaur egun. Eta zenbait kasutan, haur horien elikadura osasuntsua bermatzeko ezinbestekoa otordua jasotzen dutela eskolatzearekin batera.
Podemos Irunek aitortu du udalaren kreditu aldaketa berehalakoa denez, jangela eta Solas Jolas programaren ordutegia 13:00etik aurrera luzatzea zaila dela une honetan. Baina egungo kontratua bi urtekoa da, eta berriaren baldintzak negoziatu behar direnez, udaleku programan jangela eta zaintza zerbitzua eskaintzeko aukera aztertu dezala eskatu dio Euskara Zerbitzuari. Aldaketa horien bideragarritasuna aztertzeko eta haur guztiek kalitatezko jardueretara baldintza berdinetan sartzeko duten eskubidea lehenesteko eskatzen diote gobernu taldeari.