Bigarren urtez, ijito bandera Irungo udaletxeko balkoian eskegiz sinbolizatu du Udalak ehunka irundar ijitoekiko aitortza eta errespetua. Cristina Laborda alkateak egin die harrera Kale Dor Kayiko eta Kera elkarteetako kideei, eta “kolektibo bezala sufritzen dituzten aurreiritziak” arbuiatu ditu, “instituzioetatik horien aurka lanean” ari direla zehaztuz.
Antonio Dual Kale Dor Kayiko elkarteko kideak ere estereotipoak pairatzen dituztela argi utzi du: “Ijitoen etorkizun bakarra ez da txatarran edo merkadilloan aritzea”, argi utzi du, eta haien elkartetik ijito gazteekin eskoletan lanean ari direla azaldu, estereotipo horiek komunitateko gazteek ere haienganatuak dituztelako batzuetan. Hala, “erreferente” gisa ari da lanean Dual, Irungo eskola gehienetako haur eta gaztetxo ijitoei behar dutenean laguntza ematen.
Kontent agertu da Antonio Dual gaurko aitortzarekin, eta balio sinboliko berezia erantsi dio: “Orain dela 600 urte iberiar penintsulara iritsi ginen, eta urte hauetan lege asko egon dira gure aurka. Orain legerik ez, baina aurreiritziak nabari dira”. Penintsulara iritsi zirenean Gaztelako errege Alfontso bosgarrenak aitortza egin zien idatzi baten bidez, Herri gisa ijitoen existentzia azpimarratuz. Gaurkoa, Irungo mailan, haren jarraikortasunean kokatu dute, agintarien aldetik sei mendeko bazterkeriaren ondoren.
Bilbo Handia eta Gasteizekin batera, Irun da Euskal Herrian gaur egun ijito komunitate handienetakoa duen hiria. Haatik, EAEn 15.000 ijito inguru bizi diren arren, 2022an Jaurlaritzak egindako inkesta batean herritarren %91k ijito batekin ere inolako harremanik ez duela erran zuen. Legez bazterkeriarik jasaten ez badute, gizartean baztertuak direla erakusten dute datuek, baita bizipenek ere. Antonio Dualek adibide argi baten bidez azaldu du: “Ijitoa bazara, ezinezkoa da alokairuan etxe bat lortzea”. Lan munduan ere, diskriminazio nabarmenak bizi dituztela kontatu zuen martxoan Azalia Motos irundarrak Antxeta Irratiko Solasten Romi podcastean.
Bandera Udaletxeko balkoian eskegirik, sentsibilizazio tailerrak antolatu dituzte gaur, arratsaldeko 17:00etatik aurrera San Juan plazan. Bihar, "Emakume ijitoak : iragana, oraina eta etorkizuna" hitzaldia izanen da Emakumeen Etxean, 18 :30ean hasita.