Martxoaren 31n Ertzaintzaren eta Irungo eta Hondarribiko Udaltzaingoaren arteko Segurtasun Batzordea bildu zen Irungo ertzain-etxean. 2024ko delituen balantzea egin zuten Irungo eta Hondarribiko alkateekin batera. Eta 2023 urtearekin alderatuta, Irunen delitu kopurua %2,61 apaldu zela aditzera eman dute. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) emandako %3,39ko igoerarekin, eta Gipuzkoan izandako delituen %9,10eko gorakadaren kontrako dinamika izan du Irungo hiriak delinkuentzia datuei dagokionez. Izan ere, Irunen aurreko urtean emandako 4.748 arau-hauste penaletatik 4.624ra jaitsi zen 2024an.
«Oraindik ere lan asko dagoela egiteko» aitortu du Cristina Laborda Irungo alkateak, baina delitu kopurua apaldu izana beti berri ona dela aintzat hartuta, Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa indartzen jarraitzeko asmoa eta beharra azpimarratu du. Segurtasun arloa EAJren esku dago gaur egungo udal gobernu koalizioaren ardura banaketan, eta «proaktiboak izan eta kontrol zorrotzagoak egiteaz gain, polizia-agenteen etengabeko formakuntzak bultzatzen jarraitzea eta, bereziki, auzoetan udaltzainen presentzia handiagoa» iragarri du Iñigo Bergesek, Segurtasunerako udal ordezkariak.
Gogoan hartu behar da, PSE-EAJ gobernu akordioarekin batera, 2025eko udal aurrekontuetan ere 12 udaltzain gehiago kontratatzea adostu zuela udal gobernuak. Alde horretatik, Gorka Alvarez EAJko bozeramaileak Antxeta Irratian hau ezinbesteko urratsa dela nabarmendu badu ere, bere ustez azken urteetako delituen bilakaera izanak izan, «irundarrek daukaten segurtasun faltaren pertzepzioa» da aldatu beharra dagoena. «Etxebizitzarekin batera, segurtasun faltaren pertzepzioa da irundarren artean identifikatu dugun arazo edo kezka nagusia», dio Alvarezek, «baina Irun oraindik kalean seguru ibiltzeko leku bat da, eta hori bermatzeko lanean jarraitu beharra dugu».
Gorabehera handiak delitu motaren arabera
Aipatu bezala, inguruko hiri koxkorrekin alderatuta, delitu kopurua apaldu duen bakarrenetarikoa da Irun 2024an. Batez bestean %2,61eko beherakada izan duen bitartean, delitu penalek Gipuzkoan %9,10 egin dute gora. Eta estatistika horretan zerikusi handia du Donostiak erregistratu duen delituen %18,7 gorakadak.
Haatik, delitu mota aztertuta, Irunen irakurketa ezberdinak egin daitezke. Askatasun sexualaren aurkako delituek %17,02ko beherakada izan zuten Irunen iaz, 2023ko 47 kasuetatik 39ra pasatuz. Aldiz, pertsonen osotasunaren kontrako lesioengatik, familia eremuko tratu txarrak barne, %5,53 gora egin dute, 553 kasurekin, aurrekoan baino 29 gehiago.
Lapurreten kasuan, iaz ondarearen aurkako 2.235 delitu erregistratu zituzten Irunen, %3,09 gutxiago. Indarkeriarik gabeko ebasketak ere, %10,75 jaitsi ziren, 1.209 salaketa izatetik 1.079ra. Baina etxebizitzetan egindako lapurretak, aldiz, %3,41 gora egin dute 85etik 93ra, baita garaje eta lokaletan ere 15etik 23ra. Nabarmentzekoa da, bien bitartean, ostatu eta merkataritza establezimenduetan egindako lapurretak %32,39 jaitsi direla, 71tik 48ra.
Droga salerosketari dagokionez, nabarmen gora egin zuen iaz, %75 batean. Droga-trafikoari lotutako osasun publikoaren kontrako 65 delitu eman baitira, 2023an 36 izan ziren bitartean. Era berean, drogaren zein alkoholaren eraginpean gidatzeari lotutako 175 delitu salatu zituen poliziak, aurrekoan baino 5 gutxiago.
Azkenik, beherakada txiki bat izan da iruzurretan. 2023an halako 64 salaketa jaso ziren, eta iaz, 59. Delitu informatikoek ere, oro har, %11,39 egin zuten behera, 2023ko 1.062 kasuetatik iaz erregistratutako 941 salaketara.