“Epe laburrean” 1.000 etxebizitza berri eta “epe luzean” bertze 2.190: Eusko Jaurlaritzak Irunen egindako “eragiketarik handienaren” xehetasunak aurkeztu dituzte Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendarako sailburuak eta Cristina Laborda Irungo alkateak. Gune tenkatuan sartzen den EAEko bosgarren udalerria izanen da Irun, apirilaren 23an Zumaia, Lasarte-Oria eta Barakaldorekin sartuko da EAEko aldizkari ofizialean, eta lehenagotik izendatutako Errenteria batu behar zaio. Duela urtebete Espainiako gobernuak onartu zuen neurriari esker, Irungo alokairu pribatuen prezioak mugatzen ahalko dituzte instituzioek.
Haatik, etxebizitza parke pribatuan baino parke publikoa handitzeko beharrean jarri dute fokua gaur Labordak eta Itxasok. Irunen 3.265 lagun daude babestutako etxebizitza bat jasotzeko zerrendatan, eta horietatik 2.642k alokairuan jaso nahi lukete etxe hori. “Etxebizitzaren arazoak gero eta profil sozial gehiago hartzen” dituela erran du Denis Itxasok, eta klase sozial horiek buruan dituztela lanketa berriak egitean, “etxebizitza urritasunak ezberdintasunak iraunaraztea ezin delako onartu”.
Hala, datozen hiru urteetan San Migel-Anakan 612 Babes Ofizialeko etxebizitza eraikitzen lagunduko du Jaurlaritzak, Irunvik eraikitzekoak dituen 887tik. Bertzalde, Korrokoitzen, Aleiko eremuan, Lastaola Postetxean eta Mendipen ere beste 300 etxebizitza publiko inguru eraikiko dituzte heldu diren hiru urteetan.
Baina epe luzeagora begira ere, heldu diren hamar urteetan 2.190 etxebizitza ofizial berri ikusi nahi lituzke Jaurlaritzak Irunen. Gehienak, 667, Txenperenean, eta bertze 268 San Migel-Anakako eraikuntzaren bigarren fasean.
Etxebizitza publikoen eraikuntza ez ezik, 180 irundarrek “Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboaren” laguntza jasotzen dutela azaldu du sailburuak, baita 170 gaztek Gaztelagun programaren emantzipaziorako hilean 300 euroko saria ere. Bertze 43 gazteren eskaerak aztertzen dabiltzala zehaztu du.
Etxe berriak merkaturatzeko, eraikuntzaz gain etxe hutsak alokairu merkatura ateratzea ere beharrezkoa dela azpimarratu du Itxasok, eta Irungo datuak eman: 1.131 etxe huts dituzte zerrendatuak, eta azken urteetan etxe horien jabeei emandako Bizigune laguntzak 108 etxebizitza alokairuan ematea ahalbidetu du. Bide beretik jarraitzeko prestutasuna adierazi dute, baita alokairuan eman ezean jabeei zerga handiagoak edo nahitaez alokatzeko beharra aplikatzea ere, 2015eko ekainean Eusko Legebiltzarrak bozkatu etxebizitza legean kontenplatzen den bezala.