Bioterra 2025: hazkunde ekologikoa eta erronka berriak Ficoban

Aitor Errazkin 2025ko api. 16a, 14:07

Bioterra azokak bere 22. edizioa ospatuko du ekainaren 6tik 8ra Ficoban, ingurumenarekiko eta ongizatearekiko konpromisoa berretsiz. 85 erakusketari inguruk parte hartzea baieztatu dute, eta nekazaritza ekologikoa izango da aurten ere ardatz nagusietako bat. Maialen Gaztañaga FIcobako azoken arduradunarekin hitzegin dugu

Bioterra azokaren 22. edizioa ekainaren 6tik 8ra bitartean iragango da. Maialen Gaztañaga Ficobako azoken arduradunak baieztatu duenez, 85 enpresa erakusketarik dagoeneko berretsi dute parte hartzea, eta ingurumenarekiko konpromisoa, elikadura jasangarria eta bizimodu osasuntsua izango dira, beste behin, azokaren ardatz nagusiak.

Bioterra ez da soilik nekazaritza ekologikoaren erakusleiho, baizik eta kontzientzia ekologikoa eta ongizatea uztartzen dituen topagune oso bat. Hitzaldiak, showcooking-ak, kosmetika naturalaren erakustaldiak, autoezagutzarako tailerrak eta Yoga Day ezaguna izango dira, beste behin, azokaren 360º-ko esperientziaren parte.

Edizio berri honen aurkezpenean, Ekolurra-ENEEK erakundeak,Euskadiko 2024ko nekazaritza ekologikoaren datuak azaldu ditu. Txostenaren arabera, hazkundea nabarmena da: azalera ekologiko ziurtatua %18 handitu da, eta 12.677 hektareara iritsi da. Hala ere, oraindik urrun gaude Europako Itun Berdearen %25eko helburutik, 2030erako ezarrita dagoen erronkara begira.

768 profesionalek dihardute egun ziurtagiri ekologikoarekin, %4ko hazkundearekin, eta Araba izan da igoerarik handiena izan duen lurraldea, bereziki mahastizaintzan. Gipuzkoa, berriz, ekoizle ekologiko gehien dituen herrialdea da, eta Bizkaian jaitsiera txiki bat nabarmendu da. Azaleraren erabilerari dagokionez, larreak (%77) eta mahastiak dira nagusi, nahiz eta baratzezaintzan eta labore estentsiboetan beherakada izan den.

Horrez gain, Ekolurra-ENEEKek baliabide berri bat jarri du martxan: kontsumitzaileentzako bilatzaile digital bat bere webgunean, Euskal Autonomia Erkidegoko elikagai ekologikoak,haragia, barazkiak, esnekiak, ardoa edo kombucha, besteak beste aurkitzeko. Tresna horren helburua kontsumo arduratsua sustatzea eta ekoizleen lana ikusgai egitea da.

Nobedadeak eta gazteen protagonismoa

Aurten, Bioterrak nobedade esanguratsuak izango ditu. Nabarmenena "Gazteak On" sarien banaketa da, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan. Elikadura jasangarriaren inguruan gazteek sortutako bideo laburrek protagonismo berezia izango dute. Publikoak bere iritzia eman ahal izango du bozketa irekian, maiatzaren 5etik 25era bitartean, www.gazteakon.eus webgunean.

Bestalde, Merka2dasoa ekimena itzuliko da bigarren urtez jarraian. Bigarren eskuko bizikleten merkatua izango da, berrerabilpena eta kontsumo arduratsua bultzatzeko helburuarekin. Aurten, berrikuntza gisa, bizikletak aurretik entregatu ahal izango dira Ficoban, azokaren aurreko astean bertan.

Maialen Gaztañagaren esanetan, “Bioterra gure gizartearen aldaketarako ispilua da: gero eta jende gehiagok bilatzen du kontsumo arduratsua, ingurumenarekiko errespetuzko bizimodua eta osasuna ardatz duen egunerokoa. Horren guztiaren erakusleiho da Bioterra.”

Ekainaren lehen asteburuan, beraz, Irun izango da berriz ere jasangarritasunaren epizentro. Ficobak ateak irekiko dizkie alternatiba berde, osasuntsu eta arduratsuen aldeko ahots guztiei.