FICAB Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoan ikus-entzunezko lanak aurkezteko epea zabalik

Aitor Errazkin 2025ko api. 16a, 20:44

Abian da jada 2025eko FICAB, Bidasoko Zinema Arkeologikoaren Nazioarteko Zinemaldian parte hartzeko filmak aurkezteko epea. Aurtengo edizio berezia izango da, FICABek 25. urteurrena ospatuko baitu. Azaroaren 10etik 15era ospatuko da Irungo Oiasso museoaren eskutik. Lanak bidaltzeko azken eguna uztailaren 15a da.

Irungo Oiasso Museoak eta Udaleko Kultura sailak antolatuta, FICABek bere XXV. edizioa hartuko du aurten azaroaren 10etik 15era bitartean.
Jada abian da filmak aurkezteko epea FICAB – Bidasoko Zinema Arkeologikoaren Nazioarteko Zinemaldian parte hartzeko. Aurten zinemaldiak bere 25. edizioa ospatuko du, eta, horrekin batera, urtez urte arkeologiaren eta zinema dokumentalaren inguruan erreferente bihurtu den kultur ekitaldiaren zilarrezko ezteiak.
Lehenengo alkateorde eta Kultura ordezkaria den Nuria Alzagaren hitzetan, "FICABaren zilarrezko ezteiak ospatzen ditugu aurten. Arkeologiaren maitaleentzat erreferentzia bihurtu den Nazioarteko Zinemaldiaren 25 urteko historia, sendotutako ekitaldi bat urtero itxaropenekin betetzen duena. Urteurren honen ospakuntzak gure kulturaren apustuan berresten gaitu, eta lanean jarraituko dugu adin guztietako era askotako proposamenak eskaintzeko".
FICAB zinemaldian edozein nazionalitatetako pertsona edo erakunde publiko eta pribatuk parte hartu dezake. Aurkeztutako lanek genero anitz jorratu ditzakete dokumentala, fikzioa, erreportajea, ikerketa-lanak..., betiere arkeologiaren, teknika arkeologikoen, etnoarkeologiaren, ondarearen kontserbazioaren eta antzeko gaien inguruko edukiak badituzte.
Filmak formatu digitalean bidali behar dira, hautaketa-batzordeari helarazteko moduan: WeTransfer, Dropbox edo Google Drive bezalako plataformen bidez, eta ondoren helbide hauetako batera bidalita:
ficab.oiasso@irun.org edo ficab.oiasso@gmail.com
Gainera, izen-ematea zuzenean egin daiteke Festhome plataformaren bidez: http://festhome.com/f/1213
Zinemaldiak bi sail izango ditu: sail ofiziala eta hezkuntza saila. Film guztiak automatikoki bi kategorietan hartuko dira kontuan, bakoitzaren ezaugarrien arabera. Hauek izango dira aurtengo sariak:

    • Zinemaldiko sari nagusia: 2.000 euro
    • Ikusleen sari berezia: 1.000 euro
    • Genero-ikuspegia sustatzeko EITB saria: 1.000 euro
    • Hezkuntza saileko saria: 750 euro

Filmak aurkezteko epea 2025eko uztailaren 15ean amaituko da. Arkeologia eta zinema uztartzen dituen hitzordu honek beste behin, Irungo Oiasso Museoa eta Bidasoa eskualdea nazioarteko kultur mapan jarriko ditu.