Pandemiak ezarritako mugen erdian sortu zen Bizirun elkartea, elkartasunetik eta premia sozial baten aurrean jarduteko beharraren ondorioz. Fontxo Guevara kideak azaldu digu elkartearen hastapenak nolakoak izan ziren: "Lehen, 'Gure morada' izeneko elkarte kulturala ginen; liburu aurkezpenak, hitzaldiak eta antzekoak antolatzen genituen. Pandemiak jarduera horiek eten zituenean, informazioa telefonoz ematen hasi ginen".
Hala, ERTEen inguruko argibideak, osasun zentroetara joateko moduak edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren tramitazioa bihurtu ziren euren eguneroko jardunaren parte. "Bi urtean jende askoren beharrak ezagutu genituen eta ikusi genuen askok ez zituztela laguntzak lortzen informazio faltagatik, hizkuntzagatik edo burokrazia oztopoengatik", azaldu du Guevarak.
2024ko ekainean sortu zuten ofizialki Bizirun elkartea, boluntarioen lan-karga handitu zelako eta zenbait administrazio-prozeduratan CIF zenbakia izatea ezinbestekoa bihurtu zelako. Gaur egun lau boluntariok osatzen dute taldea eta 500 familia baino gehiagori eman diete laguntza. "Ez gara abokatuak, gure zerbitzuak doakoak dira, eta ez dugu ez diru publiko ez pribaturik jasotzen. Guztiz independenteak gara", nabarmendu du.
Zerbitzuak eta eguneroko jarduna
Bizirunek eskaintzen dituen zerbitzu nagusiak hainbat dira: diru-sarrerak bermatzeko errenta (RGI) eta gutxieneko diru-sarreraren tramitazioan laguntza, seme-alabentzako laguntzak, zerbitzu sozialetara laguntzea, atzerritartasun-gaiak, eskola bekak eta asilo eskaerak, besteak beste.
"Eskaerak askotarikoak dira eta beti familia bakoitzaren egoerara egokitu behar dugu gure lana", azaldu digu Guevarak. Laguntza eskatu nahi duenak WhatsApp mezu bat bidali behar du 626195209 telefonora, izena eta beharra adierazita. "24 ordutan erantzuten dugu eta astebete baino lehenago hitzordua eskaintzen dugu". Elkartea Irunen dago, Serapio Mugika kaleko 20. zenbakian, Podemosen egoitzan.
Zaurgarritasunaren erroak eta oztopoak
Bizirunek laguntzen dituen familien egoera askotarikoa bada ere, etxebizitza da zaurgarritasunaren faktore nagusietakoa. "Etxebizitza duin bat eskuratzea ia ezinezkoa da prezioen ondorioz. Eta etxerik gabe, padrorik gabe eta kontraturik gabe, ezin dira laguntzak eskatu", dio Guevarak. Egoera are larriagoa da paperik gabeko pertsonentzat eta guraso bakarreko familientzat.
Araudi berriak ekar ditzakeen arriskuak
Maiatzaren 20an indarrean sartuko da Espainiako Gobernuak onartutako atzerritartasun araudi berria. Fontxo Guevararen arabera, neurri horrek "gauza onak eta oso txarrak" ditu. Alde positiboan, errotze soziala eskatzeko epea hiru urtetik bi urtera jaitsi da. Baina, beste alde batetik, asilo eskaera ukatzen zaien atzerritarrei aurreko denboraldia ez zaie kontuan hartuko eta bi urte irregularrean egon beharko dute berriz, ondorio larriak eraginez: lana galdu, kontu korronteak ixtea eta berriz laguntzak eskatzera behartuta egotea.
Araudi berriaren aurrean, Elkarrekin Irun koalizioak salatu du "Gipuzkoako jende askoren oinarrizko gizarte eskubideetan eragin negatiboa" izango duela eta Bizirunen agerraldia eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Administrazioaren erantzuna eta aldaketa beharra
Bizirunek argi du: "Legez ari diren pertsonak legez kanpo uztea ez da bide zuzena". Horregatik, asilo eskaera ukatu zaien pertsonei euren egoera erregularizatzeko bidea eman beharko litzaieke, lanean ari badira eta gizartean integratuta badaude. "Ezinezkoa zaie lan baldintza duinak izatea egoera administratibo egonkorra izan gabe", salatu du Guevarak.
Kontaktua:
Tlf: +34 626195209
Lokalaren helbidea: Serapio Mugika kaleko 20 zenbakian