26 urteko gizon bat atxilotu dute Donostian igandeko hilketa egotzita

Koldo Nausia 2025ko api. 23a, 11:04

Irunen igande goizaldean izandako hilketaren ustezko egilea atxilotu zuten atzo Donostian, Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko agenteek. Biktimak erasoan izandako zauriengatik hil zen, eta susmagarriak delitu aurrekari historial luzea duela jakinarazi du Segurtasun Sailak. Ustezko hiltzailea poliziaren zaintzapean dago orain eta datozen orduetan epailearen esku jartzea aurreikusten da, polizia-ikerketa amaitu bezain laister.

Igande goizaldeko ordubietan Irungo Zipriano Larrañaga kalean 45 urteko A.A.C kolpatu ondoren, hau lurrera erortzerakoan buruan hartutako kolpearen ondorioz zendu zela argitu dute. Nolanahi ere, erasoan jasandako zaurien ondorioz hil zela aintzat hartuta, erasotzaileari hilketa delitua egotzi diote. Atxilotua, 26 urteko gazte bat da, eta polizia aurrekari ugari dituela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. 

Irungo Udalaren atsekabea

Bien bitartean, Irungo Udalak ohar bat plazaratu zuen atzo, eta Cristina Laborda alkateak apirilaren 10ean eta 20ean Irunen emandako bi hilketen aurrean bere atsekabea adierazi nahi izan du, baita senideei dolumin zintzoenak ere. Era berean, Irungo Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren arteko lankidetza eta ikerketa polizialen eraginkortasuna goraipatu ditu alkateak, bi kasuetan 48 orduko epean lortu baitute hiltzaileak atxilotzea. Bide batez, Irungo hirian segurtasuna bermatzeko Ertzaintzaren efektiboak emendatzea eskatu dio alkateak Eusko Jaurlaritzari, eta udalaren eskumen osoa ez bada ere, hiriko gaueko aisialdi eta ostalaritza segurua izan dadin lanean jarraitzeko konpromisoa azpimarratu du. 

Bestalde, azken gertakarien aurrean irundarrek adierazitako kezka ulergarritzat jo du Labordak. Udala gertaera horiek herritarrengan sortzen duten erreakzioen jabe dela dio, eta hiriko segurtasun ezaren pertzepzioa eman daitekeen arren, azkeneko datu ofizialek Irungo delinkuentzia tasaren beheranzko joera konfirmatzen dutela oroitarazi du.

Alde horretatik, hilabete honetan bertan plazaratu dituzte 2024an emandako delituen datuak. Eta Gipuzkoan emandakoen %9,10eko gorakadaren kontrako dinamika izan zuen iaz Irungo hiriak, %2,61 gutxiagorekin. Ertzaintza eta Udaltzaingoaren arteko Segurtasun Batzordean egindako balantzearen arabera, askatasun sexualaren kontrako %17 eraso gutxiago eman ziren Irunen. Eta ebasketa eta lapurreta txikiek behera egin duten bitartean, etxebizitza eta garajeetan (%3 gora) eta saltokietan %32 apaldu egin ziren. Droga-trafikoagatik, aldiz, 65 delitu erregistratu zituzten iaz, %75 gehiago.