Atzo 30 urte bete ziren Elgorriagaren kanpaia jo, eta C.D. Bidasoa Europako txapeldun izendatu zela Zagrebeko gau historiko hartan. Justu, hiru hamarkada beranduago Alemanian jokatu zuen atzo Hirudek Bidasoak EHF Europa Ligaren final laurdenetako joaneko partidan, Kasselen, Melsunge handiaren aurka. Bundesligako bigarren sailkatua da, eta Kopako txapeldunordea. Eta Bidasoaren aurrekontua hainbat bider duen talde indartsua bada ere, aurtengo ibilbidean Portugal, Frantzia eta Suediako talde onenen aurka jokatuta lortu du taldeak aurrera egitea.
Amesteko baimenarekin bidaiatzen zutela iragarri zuen astelehenean Julen Mujika jokalariak. Eta hala egin zuten. Alex Mozasen mutilek urrats garrantzitsua eman dute astearte honetan, Europako Ligako azken fasera sailkatu ahal izateko. Izan ere, gol bakarra irauli beharko dio Alemaniako Melsungen talde indartsuari. Bundesligako bigarren sailkatua eta Kopako txapeldunordeari ausartki egin zioten aurre Kasselen. Eta atzo 3.500 zaleen aurka Alemanian egindako balentriaren ondoren, Artaleku «presio-eltze» bilakatzeko deia egin du Iñaki Caverok partida amaitu berritan.
Irungo taldea nagusi izan da lehiako zati handi batean. Atsedenaldira 15-13 galtzen joan ziren, baina bigarren zatiaren lehen minutuetan 0 eta 6ko partzial bati esker eutsi zion taldeak kanporaketari. Baina azkenerako apur bat luze egin zaio neurketa (28-27). Hala ere, «120 minutuko partida bat bezala planteatu» du taldeak kanporaketa, eta Alemaniatik bizirik itzultzeko helburua lortu ondoren, Inaki Cavero «etxeko giro eta babesari esker amesten jarraitzeko» aukera aldarrikatu du. Gol bakarreko aldea baino ez du erdietsi Melsungenek, eta ondorioz, Bidasoak bere esku dauka kanporaketa iraultzeko aukera, zazpi egun barru Artalekun jokatuko duen partidan, EITBn zuzenean jarraitu ahal izango dena.