Merka2dasoa azoka antolatu dute maiatzaren 10ean Zabaltza plazan

Koldo Nausia 2025ko api. 23a, 12:49

Txingudiko Zerbitzuak 2014tik antolatzen duen bigarren eskuko azokak hiri-hondakinen prebentziorako eraginkorra dela egiaztatu du, urtean 1.000 kilo hondakin baino gehiago saihesten dituelako. Ekonomia zirkularra sustatu, hondakinak murriztu eta erabiltzen ez ditugun gauzei bigarren bizitza bat eman eta trastelekua hustutzearekin batera, dirua berreskuratzeko erreferentziazko merkatua bilakatu da Bidasoaldean.

Ipar Euskal Herrian Ganbara Hustea (Vide Grenier) herri askotan ondo errotutako usadio handiko ekimena bada ere, Txingudiko Zerbitzuak-ek 2014an Merka2dasoa azoka antolatzen hasi zenean, jendeari dinamika hartzea kostatu zitzaion Irunen eta Hondarribian. Baina Hendaiako Gaztelu Zahar frontoian hamarkada luzeetan modu herrikoian egin izan dena, Bidasoaren beste aldean erakunde honek kudeatuta hartu du martxa. Baita ondo hartu ere. 

Maiatzaren 10ean antolatu dute hurrengo hitzordua, Irungo Zabaltza plazan. Urtean zehar Hondarribian antolatzen dituztenak edota Mugikortasunaren Asteari lotuta bigarren eskuko bizikleta eta patineteen salmentarako azokarekin batera, bidasotarrek parte hartzeko ohitura hartu dute. 

Edozein lekutan antolatzen dutela ere, 2014az geroztik bigarren eskuko azoka hau ondo errotu da bidasotarren artean. Eta Txinzerrek aitortzen duenez, hiri-hondakinen prebentziorako edo hauek saihesteko ekimen eraginkorra da. Leire Zubiturrek, Txinzerreko kudeatzaileak aipatu digunez, urtean halako lau antolatu ohi dituzte, bina Hondarribian eta Irunen. Eta egindako azterketen arabera, azoka bakoitzean batez bestean 800 bat produktu saldu eta erosi ohi dira bertan, eta horri esker 300 kilo zabor inguru hondakindegian amaitzea saihesten dute. Izan ere, askorentzat trastelekuan hautsa biltzen ari diren liburuak, elektrika-tresnak, altzariak, jostailuak... beste askok aprobetxatu ditzakete. «Normalean trastelekuan gordeta eta berandu baino lehen zaborretan bukatzen duen horri bigarren bizitza bat eman, eta bide batez, saltzen duenak diru bat berreskuratzen ahal du», azpimarratzen du Txinzerreko ordezkariak. Horiek hala, azoketan parte hartzera animatzen ditu bidasotarrak. Urtero tona bat baino gehiago hondakin aurrezten baitira eskualdean ekimen honi esker. 

Salmenta postua antolatuta ala gordailuan utzita

Esan bezala, hurrengo deialdia maiatzaren 10ean egin dute Irungo Zabaltza plazan, 10:30etik 14:30era. Eta 3x3 metroko salmenta-postu bat erreserbatu nahi duten pertsona edo eragileek, maiatzaren 5a izango dute honako formularioa betetzeko azken eguna. Txinzerrek ohartarazi duenez, aurreko urteekin alderatuta, araudian zenbait aldaketa egin dituzte, eta hauek kontsultatzeko gomendatu dute. 

Hala ere, ez da zergatik salmenta-postu bat antolatu beharrik. Antolatzaileek argitu dutenez, Gordailu Salmenta Zerbitzua ere eskaintzen du Merka2dasoa azokak. Bertan ez dituzte arropak, bisuteriak edota bolumen handiko objektuak onartzen, baina liburuak, diskoak, kirol materiala eta etxeko tamaina txikiko apaingarriak gordailuan entregatu daitezke, eta saltzen baldin badira dirua horren truke jaso. Etxe bakoitzeko gehienez ere halako 10 objektu onartuko dituzte Gordailu zerbitzu honetan.