Gipuzkoako Foru Aldundia bidelagun, “aspaldi” egin nahi zuten lanari heldu diote Aitzol Arroyo historialari hondarribitarrak eta Aitor Azurki kazetari donostiarrak. Pikoketako fusilamenduen inguruan Miguel Usabiagak 2015ean argitaratutako “Flores de la República” liburuak bultzatu zituen gaiaren inguruan ikertzen hastera, eta 2019an lehen erakusketa bat egin ondotik, arnas luzeko proiektu honetan sartuak dira azken hilabeteotan.
Faxistek estatu kolpea 1936ko uztaila erditsuan eman bazuten, abuztuko lehen egunetarako nazioartetik etorritako boluntarioak Bidasoaldean zirela azaldu du Arroyok. Gehienak frantses estatutik iritsiak baziren, Europako bertze hainbat herrialdetatik ere trenez iristen ziren Hendaiako geltokira. Ondotik, Abenida zubian barrena Irungo frontera joaten ziren. “Boluntario” izendapenari garrantzia eman diote bi ikertzaileek, gerlaren lehen aste horietan oraindik Nazioarteko Brigadak ez baitziren osatuak, eta aitzindariak baitziren beraz eskualdera etorri ziren gudari horiek.
Nazioarteko Sorospen Gorriak egindako deialdiari erantzunez hartu zuten fronterako bidea boluntario horiek, militante komunistak anitz. Aitor Azurkik aipatu duenez, guda zelaian ezberdintasunak nabari ziren bertako eta kanpoko gudarien artean, nazioarteko askok Lehen Mundu Gerlan parte hartu baitzuten edo soldaduskan ibiliak baitziren. Bertako Errepublikarrek aldiz, esperientzia laburra zuten. Armak ere ekarri zituzten askotan, maletetan ezkutatuak.
Nazioarteko borrokalariak Irungo guduaren bukaera arte egon ziren eskualdean, baita noski beranduago arte espainiar estatuko hainbat gudu zelaitan ere. Hain zuzen ere, bertan tropa frankistek preso hartzen zituzten brigadistak San Pedro de Cardeñako espetxean atxikitzen zituzten, eta ondoren Irungo konzentrazio esparruetatik pasatzen ziren, haien jatorriko herrialdera kanporatu arte. 1939 eta 1942 artean 500 internazionalista baina gehiago egon ziren preso Irunen, Arroyok azaldu duenez. Haatik, esparru horietatik ateratzeak ez zekarren askatasuna, gudari askoren jatorrizko herrialdeak Nazien okupaziopean baitzeuden garai hartan.
Herritarrei lekukotzak partekatzeko deialdia
Hainbat gutun, argazki, lekukotza eta artxibori esker dituzte Arroyo eta Azurkik egun dituzten jakitateak, baina gehiago ere bildu nahi lituzkete. Hala, herritarrei deia egin diete, haien eskuetan duten informazioa ikertzaileekin partekatzeko. Argazki eta gutunez gain, lekukotasunek ere garrantzia handia dutela azpimarratu du Aitor Azurkik: “Bide berriak irekitzeko funtsezkoak izan daitezke, oroimen txikien bidez historia handia osatzen delako”.
Horretarako, +34 665 724 752 telefono zenbakian edo internazionalistak@gmail.com helbidean sartu daiteke haiekin harremanean.
Heldu den urterako, estatu kolpearen eta gerla hasieraren 90. urteurrenerako prestatzen ari dira liburua. Hala ere, arnas luzeagoko proiektua da, eta dokumental bat ere eginen dute bigarren fase batean.