Elkarrizketa egin diegu Alaine eta Andrea gaztetxeko kideei, eta biak ala biak ilusioz mintzatu dira urteurrenaren garrantziaz: «Hogei urte ez dira edozein tokitan betetzen. Lakaxita borrokaren, autogestioaren eta auzolanaren emaitza da. Guretzat, ospakizun hau belaunaldi askoren lanaren aitortza da», diote.
Urteurrenaren egun nagusia larunbatean izango da, eta ospakizunak 17:00etan hasiko dira, Irungo kaleak zeharkatuko dituen kamioi batekin. Kontzertu ibiltari eta aldarrikatzailea Moskutik abiatuko da, eta Enfermines taldeak girotuko du ibilbidea, Fermin Muguruzaren abestien bertsioekin. Irungo erdigunean geldialdia egingo dute Luis Marianoko lorategietan, eta bertan gaztetxeen aldeko brindis kolektiboa egingo dute. Handik aurrera, festak Lakaxitan bertan jarraituko du, 19:00etatik aurrera, lau musika talde ariko dira oholtzan: Aihotz, Old Time Spooks, Braulio eta Matxarda. Gauerdira arte musikak ez du etenik izango, eta ondoren, festa Hondarribiko DJen esku geratuko da: Viv, Erenere eta Anderground izango dira arduradunak gauari azken ukitua emateko.
Sarrerak 8 euro balioko du, eta afaria nahi dutenek 5 euro gehiago ordaindu beharko dituzte.
Etxera bueltako brigada
Antolakuntzak jakitera eman duenez, aurten eta lehendabiziko aldiz Jaion festan, etxerako itzulerak errazteko brigadak antolatu dituzte. Duela bi urte gaztetxearen jarduera gelditu egin zuten maila altuko eraso bat jaso zelako Lakaxitan, eta protokolo bat idazteko prozesua abiatu zuten. Hortik eratorria, eta gaztetxea eremu segurua bilaka dadin ez ezik, hiriaren periferian dagoela kontuan hartuta, etxera buetako brigadak antolatu dituzte etxera seguru eta askatasunez itzultzeko. Lehen txanda 01:30etik 02:00etara izango da, eta bigarrena 03:30etik 04:00etara, Lakaxitako eskaileretatik abiatuta.
Alainek azpimarratu duenez, «Lakaxita beti izan da topagune bat, askatasunez aritzeko espazio bat, eta hori ospatzea guretzat politikoa ere bada». Alde horretatik, Irunen azken aldi honetan udalak nabarmentzen duen segurtasun ezaren perzeptzioaren aurrean, indar polizialen indartzeko «erantzun militaristari alternatiba» eman nahi dio gaztetxeak. «Aspaldiko eskaera bat izan dugu hau gaztetxean, izan neska ala mutil, kale ilunean beldurra sentitu beharrean, elkarbabesteko halako neurriak beharrezkoak ikusten ditugu, eta nahi duen ororentzat irekita dago», argitu du, eta Irungo sanmartzialak hurbiltzen ari diren honetan, gainerako eragileei halako alternatibak antolatzera animatu ditu Lakaxitako kideak.
Andreak, berriz, herri mugimenduaren indarra nabarmendu du Jaion festaren harira: «Guk ospatzen duguna ez da soilik urteurren bat, baizik eta gaztetxeak herrian izan duen eta duen eragina». Izan ere, 20 urte ondoren Lakaxita bizi da, eta bizi nahi duela aldarrikatzen dute. Eta hogei urteko historia ospatzeak ez du esan nahi atzera begira geratzen direnik. Aitzitik, aurrera egiteko indarra ematen duela diote, eta larunbatean, «Irungo bihotzean, ospakizuna bor-bor izango da».