Futbolak eta elkartasunak bat egiten dute Larreaundin San Marcial klubaren eskutik

Antxeta Irratia 2025ko api. 25a, 13:10

Irungo C.D. San Marcial futbol elkarteak antolatu duen Ricardo Gomez IV. Txapelketak 2013-2016 urteetako 800 haur baino gehiago biltzen ditu egunotan Larreaundin. Ekimen solidarioa da, eta irabaziak Irungo Harrera Sarea laguntzera bideratuko dute. Hortaz gain, Tadamum elkartearekin lankidetzan ere ari da kluba, eta Gipuzkoan asilo egoeran bizi diren familia sahararren seme-alabek osatutako selekzio bat gonbidatu dute larunbatean parte hartzera.

Irungo C.D. San Marcial futbol elkarteak Ricardo Gomez IV. Txapelketa antolatu du egunotan benjamin eta alebin mailako txikienekin. Larunbatean borobilduko du alebin bigarren urteko mailakoen txapelketarekin, baina lau egunotan 800 haur baino gehiago bildu ditu ekimen honek Larreaundiko Josu Langilea futbol zelaian.

Txapelketa solidarioa da, eta klubak jakitera eman duenez, sarrera sinbolikoarengatik jasoko duten dirua Irungo Harrera Sarea laguntzera bideratuko dute. 

Aldi berean, Tadamun Txingudiko Sahararen Lagunak elkartearekin harremanetan dabil kluba. Eta uda honetan Oporrak Bakean programan 9-12 urte arteko haur saharar bat euren etxeetan jasoko duten harrera familiek, dohainik eraman ditzakete haur horiek klubak antolatzen dituen udaleku futbol eskoletara. Ez da herri sahararrarekin kluba irundarrak izango duen keinu bakarra. Izan ere, honi lotuta, asteburu honetako txapelketan, 10-12 urte arteko saharar haurren selekzio bat gonbidatu dute parte hartzera. Larunbatean, koxkorrenen txanda izango da, alebin bigarren urtekoena (2013), eta parte hartuko duten Osasuna, Real Sociedad edota Racing de Santander bezalako talde entzutetsuez gain, gonbidatu berezi bat izango dute. Gipuzkoan asilaturik bizi diren familia sahararretako seme-alabek osatutako selekzio bat gonbidatu baitu C.D. San Marcial taldeak. Eta estreineko partiduan San Marcial taldearen aurka jokatuko dute. 

Gainerakoan, alebin lehen urteko (2014) txapelketan, Osasuna, Real Sociedad eta Danok Bat taldeek osatu dute podiuma. Benjaminetan, 2015 urtean jaiotakoen lehiaketan Billabonak irabazi du, eta San Marcial izan da txapeldunordea. Eta 2016 urtekoen mailan, aldiz, Touring, Real Union eta San Marcial taldeek osatu dute podiuma.