Euskaraldia badator… Irunera ere. Hondarribian eta Hendaian duela zenbait aste eman zuten Euskaraldiaren baitan antolatutako ekimenen berri. Eta gaur Cristina Laborda alkateak aditzera eman du, Irunen ere, euskararen erabilera, joerak eta jarrerak eraldatzeko, eta mihia mugiarazteko egunak datozela. Hala ere, «Euskaraldia olio eta zainketa behar duen kate gogor eta herdoildu baten zati bat gehiago besterik da Irunen», euskararen erabilera hauspotu nahi dutenentzat. Hala aitortu du Iosu Iguiñiz Udaleko Euskara zinegotziak gaur, maiatzaren 15etik 25era egingo den euskara ohituretan eragiteko helburu duen ariketa sozialaren aurkezpenean.
Hiriko eragileek Euskaraldia ikustarazteko antolatu duten egitarau oparoarekin batera, aurrera begirako asmo onen adierazpen zintzoa egin dute arloko zinegotziak ez ezik, Cristina Laborda alkateak ere, ekimenaren leloarekin bat eginez, «elkar mugituz, benetako gizarte elebidun bat lortuko dugula» nabarmenduz.
Iguiñezen arabera, «ez da utopia bat». Haatik, agintarien erantzukizuna handia dela gogoratu du, euskaldun asko dagoelako Irunen kaleko erabilera neurtu denean hiztun kopurua apaltzen badoa ere, eta egoera iraultzeko udala bezalako erakunde publikoetatik hasita, ordezkari politikoen ardura azpimarratu du, eta «eredugarri izan behar dutela euskararen erabilera bultzatuko duten neurriak hartzerako garaian, eta erabileran ere».
Bestalde, Irungo AEK euskaltegiko koordinatzaile Beñat Alzagak «Euskaraldiak suposatzen duen erakuslehiotik harago joan, eta datozen 365 egunetarako konpromisoa» eskatu du, irundarrak animatuz «simulazioa bukatutakoan ere euskarak plazan segi dezan».
Eragile anitzen ekarpena
Alde horretatik, euskal eta kultur eragileez gain, Real Union, C.D. Bidasoa, Bidasoa Atletiko Taldea bezalako kirol elkarteak, eta hainbat auzo elkarte gonbidatu ditu Irungo Udalak Euskaraldiarekin bat egitera. Alkateak aditzera eman duenez, «auzoetatik ere antolatu behar zela pentsatu» baitu udalak. Eskua luzatu eta erronka onartu dute Erdigunea, Santiago, Larreaundi-Olaberria, San Migel, Katea edota Artia auzo elkarteek, besteak beste, zenbait hitzordu antolatuz eta haien kaleak euskalduntzeko erronka onartuz.
Artiako kideek ildo beretik aldarrikatu dute gaurko aurkezpenean, «Artia ere euskalduna dela, eta Euskaraldia hori adierazteko aitzakia bat besterik ez den heinean, urte osoan zehar hala behar duela izan». Larreaundi-Olaberria auzo elkartearen kasuan, aldiz, Ahobizi eta Belarriprest gisa izena emateko eta txapa eskuratzeko informazio-mahaia jarriko dute apirilaren 30etik maiatzaren 4ra ospatuko dituzten auzoko jaietan. Zehazki, maiatzaren 1ean, Larreaundiko jaigunean jarriko dute informazio postua 12:00etan, baita hilaren 2an eta 3an ere. Era berean, Eguzkitza eskolarekin lankidetzan, Eguzkitza Kantuz egingo dute Euskaraldiaren denboran.
Euskara buruan, ahoan eta bihotzean
Maiatzaren 15ean, 19:00etan, Zabaltza plazan egingo da Euskaraldiaren irekiera ekitaldia Irunen, eta maiatzaren 25ean plaza berean Jeiki Hadi taldearen eskutik Mutxikoak dantzatuz itxiera egin bitartean «euskara buruan, ahoan eta bihotzean» eramateko deia luzatu dute. Lehen egun horretarako, Erdiguneko auzo elkarteak eta Auntxa trikitixa elkarteak kalejira eta erromeria txiki bat prestatu dute.
Aurretik ere, motorrak berotzen joateko, eta 11 egun horietan zehar antolatutako kantaldiak, euskal dantza emanaldiak, hitano tailerrak, irakurraldiak, txotxongilo ikusgarri zein bestelako kultur hitzorduek euskara eta euskal kultura balioan jarri nahi dute Irunen. Oiasso Museoak euskaraz "Ihesgela" proposatuko die Mintzalaguna taldeko eta euskaltegietako ikasleei maiatzaren 13an, historiaz gozatu eta euskarari eragiteko. Ostomila Txotxongilo taldeak Pio XII. plazan (17:30ean) ikusgarria eskainiko du maiatzaren 23an, eta besteak beste, udalak Amaia KZn programatu duen Euskaraldiaren kontzertu nagusia, maiatzaren 23an (19:30ean) emango du Oskarbi taldeak. Taldeekideek iragarri dutenez, euskararen historiaren kontakizuna egingo dute erromatar garaitik hasita, euskal kantugintzaren bitartez, kantaldi-hitzaldi formatoan, eta estreineko aldiz emango dute Irunen.
Belarriprest, ahobizi edo entidade gisa parte hartzera animatu nahi izan dituzte irundarrak www.euskaraldia.eus bat izena emanez, eta aurrera begira espero dute, Euskaraldiak hizkuntza erabilera joerak eta jarrerak eraldatzeko balio dezan.
Kontsultatu hemen Irungo Euskaraldia programazio osoa.