Gipuzkoako garraio publikoa modernizatzeko hurrengo urratsa, MUGI birtuala martxan jartzea izango da. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur jakitera eman duenez, Irunbus hiri-barneko autobus lineatan egingo dute proba-pilotoa. Maiatzaren lehen hamabostaldian Goierriko Lurraldebus zerbitzuetan hasiko dira hiriarteko zerbitzuetan, eta bigarren hamabostaldian, aldiz, hiri-barneko zerbitzuetan aurreneko proba Irunen egingo dute.
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidentea, Azahara Dominguezek gaur Cristina Laborda alkatearekin bilera egin eta gero, Irunbuseko lineatan balidagailuak berritu egin dituztela gogoratu dute, eta MUGI birtuala eta kreditu-txartela bidez ordaintzeko aukera ematen dutenez, aurreneko probak bertan egingo dituzte. Argitu dutenez, MUGI sisteman integratutako hiriko eta hiriarteko autobusetan instalatuta dagoenean, BAT eta BARIKren elkarreragingarritasuna ere errealitate bat izango da.
Azahara Dominguezek «iraultza handia» dela azpimarratu du. Izan ere, erabiltzaileei MUGIko kontuak azkarrago, erosoago eta errazago erabiltzeko aukera emango die, beren gailu mugikorretatik, txartel fisikoa aurkeztu beharrik gabe. «Zerbitzuaren modernizazioari esker, ziur gaude gaur egungo zifra errekorrei eusteaz gain, garraio publikoaren erabiltzaile kopuruak hazten jarraitzeko aukera emango dutela», esan du diputatuak. Alde horretatik, zerbitzua herritarren benetako beharretara eta teknologia berrietara egokitzeko helburuarekin lanean ari direla adierazi du, garraio publikoa gero eta erosoagoa izan dadin.
Bestalde, Irungo alkate Cristina Labordak azpimarratu du Irunbusek hirian dituen lau hiri-lineek dagoeneko badituztela balidatzaile gailu berriak proben fasean. Jasangarritasunarekin udalak duen konpromisoa handia dela gogoratu du, izan ere, «Irun, duela sei urte autobus elektrikoen linea bat duen Euskadiko lehen hiria bihurtu zen, eta aurrerapen horrekin, hiri-garraioa mugikortasunaren eta jasangarritasunaren arloan abangoardia teknologikoan kokatzen jarraitzen dela erakusten dugu», nabarmendu du.
Jasangarriagoa eta erosoagoa
MUGI birtualak plastikozko txartelak saihestu eta plastiko gutxiago erabiltzeko aukera emango duela goraipatu du Azahara Dominguezek. Baina abantaila ugari situen sistema dela argitu du. MUGI birtuala duten pertsonek online kontu bat izango dute, eta bertan beren informazio guztia denbora errealean ikusi ahal izango dute, karga automatikoak programatu ahal izango dituzte, garraio publikoko operadoreetara sartzean identifikatuko diren euskarriak kudeatu ahal izango dituzte, edo familia osoaren MUGI txartel birtualak eraginkortasunez gainbegiratu eta kudeatu ahal izango dituzte.
Era berean, erabiltzaileek MUGI sareko edozein ibilbide bilatu eta planifikatu ahal izango dute, eta bidaiak beretzat edo laguntzaileentzat erreserbatu ahal izango dituztela gaineratu du aldundiak. Dena den, gogorarazi dute nahi dutenek bere ohiko MUGI txartel fisikoa erabiltzen jarraitu ahal izango dutela.