Irungo auzoetako jaien bira Larreaundi-Olaberrian hasiko da asteburu honetan

Koldo Nausia 2025ko api. 29a, 11:42

Apirilaren 30etik maiatzaren 4ra ospatuko dituzte. Asteburu luzea prestatu du auzo elkarteak bertako eragile eta bizilagunekin elkarlanean. Rock kontzertuak, Irun Hiria Musika Bandaren emanaldia, haur jolasak, Bidasoako Erraldoiak eta buruhandiak, kantubira, tortila txapelketa, paellada, mendi irteera edota auzoko paseo historikoa prestatu dute, besteak beste, Eguzkitza ikastetxea, Los Perolas elkartea edota auzokide duten Zubia zentroaren partaidetzarekin.

Iker Eizagirre, auzo elkarteko kideak dioenez, «auzoa bere aniztasunetik eraikitzen jarraitzeko aukera ematen du, jaiak gozatzeko dira, eta ondo pasatzen dugu, baina prozesuan elkar ezagutu eta lan egiteko aitzakia bat ere bada». Zentzu honetan, udaberriko egunak luzatzearekin batera, Irungo aurreneko auzoko jaiak dira Larreaundikoak, eta 2021ean pandemia ondotik ere, Irunen berreskuratu genituen aurreneko jaiak izan ziren.

Auzo elkartean lantalde berria sartu zen orduan, eta orduz geroztik, Larreaundi-Olaberriako jaiak erreferente bat bilakatu dira irundar eta bidasotar askorentzat. «Pozgarria da jende askok auzoko jaiak agendan gordetzen duela ikusteak», dio auzo elkarteko kideak, «elkartean auzogintzan aritzeko gogoarekin lantalde berria sartu ginenetik argi izan genuen, auzoa biziarazteko beharra zegoela».

Alde horretatik, garai batean sona handiko jaiak izaten ziren Larreaundi-Olaberriakoak. Baina arrazoi ezberdinak direla eta, indarra galtzen joan dira zenbait urtetan. «Azken lau urteetan saiatu gara, garai batean aritu zirenen lana aintzat hartuta, auzoko jaiak berpizten, eta ez dira garai batean bezain handiak izango, baina errotu egin dira», azpimarratzen du Eizagirrek.

Auzo elkarteko kidearekin hitz egin dugu auzoko jaien antolakuntzaz eta azken urteotako garapenaz, baita hitzordu nagusietaz xehetasunak bildu ere. 

Hona hemen egitarau osoa: