Irunen ezusteko handia sortu zuen berria eman zuen Taupadak GKEak joan den udaberrian: 2024an ez zen Sagardo Egunik izanen. Urtebeteren ondotik baina, elkarte hirukote batek antolaturik heldu da hitzordua; Antxeta Irratiaren ekimenez Betti Gotti ere batu zitzaion Taupadak erakundeari. Azken honetako Jokin Melidaren hitzetan, “helburua berreskuratzea izan da” baina heldu diren edizioetan ere jarria dute begirada, eta “ekintzez hornitzen saiatuko” dira hurrengo urteetan. Ildo beretik solastu da Joxeja Zabalo Betti Gottiko ordezkaria ere: “Betti Gottiren helburuetan badago Irunen arriskuan diren euskal tradizioak mantendu eta berreskuratzea. Aurten bi berreskuratuko ditugu, eta Sagardo Eguna horietako bat da”.
“Euskal besta” dela argi du Antxeta Irratiko Asier Arbelaitzek, eta hori markatzeko trikitilariak ariko dira Urdanibia plazan arratsaldean zehar, Auntxa eskolakoak eta Irungo Udal Kontserbatoriokoak. Bide horretan, euskal zapia soinean janzteko deia egin diete antolatzaileek herritarrei.
Garrantzitsuena, baina, sagardoa da. Eta izanen da dastatzerik, nahi adina baina neurrian. Gipuzkoako bederatzi sagardotegi eta Nafarroko bat izanen dira bertan: Ola (Irun), Linddurenborda (Lesaka), Ordozelai (Oiartzun), Egiluze (Errenteria-Orereta), Alorrenea (Astigarraga), Gurutzeta (Astigarraga), Petritegi (Astigarraga), Altuna (Hernani), Larre Gain (Hernani) eta Rufino (Hernani).
Hamar euroren truke, basoa, pintxo bat eta hamar txotx egiteko txartelak emanen dizkiete sagardo zaleei, sagarno guztiei txotx egiteko moduan. Argitu dute pintxo gehiago nahi izanez gero txartel gehiago eskuratzerik izanen dela, izan ere 3.000 pintxo prestatuko dituzte Irungo hamaika elkartek.
Txotx irekiera arratsaldeko 18:00tan izanen bada, lehentxeago bertaratzeko deia egin dute, basoa lortu eta hasiera ordurako sagardoa dastatzen egon ahal izateko. Ondotik, 21:00ak arte aritzen ahalko da edanean, eta ordu horretan Los Trankilos taldea animazioan hasiko da, Urdanibia plaza hustu eta inguruko tabernak girotuz. Gau giroa gauerdirarte bermatuko dute hauek, bai Urdanibia plaza inguruan, baita San Juan plazan ere.