Gazteek beren ortzi-mugak zabaltzeko eta nazioartean esperientzia hartzeko duten nahiari bide emateaz gain, DBHn ikasten duten atzerriko hizkuntzan trebatzeko aukera ematen du Erasmus+ programak. Europar Batasunak hezkuntza zentroen arteko lankidetza eta ikasleen mugikortasuna bultzatzeko antolatutako 2021-2027 urtaldirako programa honekin bat egin du Txingudi BHI ikastetxeak. Eta aurten, ingelesa eta frantsesa ikasten duten 40 bat ikaslek Bretainia eta Estoniara bidaiatzeko aukera izan dute hango ikasleekin elkar trukean.
Zehazki, Bretainiako ikasleak Irunen izan dira negu honetan, eta Irungo ingeleseko ikasleek Estoniako Tallinn hiriburua bisitatu zuten. Udaberri honetan, aldiz, bisita itzultzeko parada izango dute batzuk eta besteek. Estoniako ikasleak maiatzaren 5ean helduko dira Irunera. Eta maiatza bukaeran Txingudiko frantseseko 13 ikasle Lorient aldamenean dagoen Ploemeur herrira joango dira elkar trukean.
Teoria praktikara eramatearen garrantzia
Maitane Cardo eta Olatz Garcia, Txingudi BHI ikastetxeko frantseseko ikasleekin etorri dira Antxeta Irratira programan parte hartu duten hainbat ikasle. «Gizarte gero eta globalizatuago honetan, beste herrialdetako irakasle eta ikasleekin harremanetan sartzea eta beste hezkuntza eredu eta metodologiak ezagutzea» ikastetxearen plan estrategikoaren ardatzetako bat bilakatu dela aitortu digu Maitane Cardok.
Alde horretatik, Hondarribiko Talaia ikastetxeak aurretik egin zuen bezala, Txingudin ere 2022an atzerriko hizkuntza hautatzeko aukera ematea erabaki zuen ikastetxeko klaustroak. Lehen ikasle guztiek ingelesa ikasten zuten bitartean, orain, frantsesa ere ikas dezakete atzerriko lehen hizkuntza gisa astean hiru orduz. Ingelesa ere ikasten dute hautazko ikasgai gisa, bi orduz astean. Eta ingelesa hautatzen dutenek, hautazko ikasgaien artean frantsesa ere aukeratu dezakete. Gainera, DBHko lau ikasturteetan segurtatzen zaie, abiadura ezberdinetan bada ere, bi hizkuntzak ikasi ahal izatea. Hortaz gain, Olatz Garcia irakasleak nabarmentzen duenez, 2.DBHtik aurrera atzerriko hizkuntza praktikatzeko ateraldi ezberdinak proposatzen dizkiete ikasleei. Aurten, Bordelera, Parisera eta Futuroscope (Poitiers) ezagutzeko bidaiak antolatu dituzte frantseseko ikasleekin, ikasitakoa praktikara eraman dezaten.
Haatik, aurten urrats kualitatibo bat eman dute. Txingudi BHI ikastetxeak Europatik datorren Erasmus+ programarekin bat egin baitu. 2027 urtera arte, 4. DBHko ikasleei dohainik eskaintzen zaie ikasten ari diren hizkuntza praktikatzeko atzerrira joateko parada. Ingeleseko ikasleak Estoniako Tallinn hiriburuan izan ziren neguan, eta frantsesekoak Bretainiara joango dira maiatza bukaeran.
Ikasleek diotenez, «hasieran pixka bat arraroa egin zitzaigun, baina aberasgarria izan da, Bretainiara joateko irrikan gaude, eta urduritasunak kenduta, esperientzia polita izango dela ziur gaude, sekulako aukera da guretzat». Hala ere, kostatu zaie talde bat lortzea proiektuan parte hartzeko, baina Cardok dioenez, hausnarketa egin eta oso positiboa izan da orain arte, eta Bretainiara joateko gogoekin daude. Frantsesekoen kasuan, Bretainiako ikasleak dagoeneko Irunen egon direnez elkar trukean, beraiek joaterako garaian ikasleak ezagutzeak lasaitzen ditu hein batean. Irunen Txingudi Ikastolako klaseetan egoteaz gain, eskualdea eta Donostia ezagutzeko aukera izan zuten ikasle bretoiek. Eta haien kasuan, gaztelania praktikatzeko helburu duten heinean, «itzultzailea asko erabili dugu, baina ondo etorri zaigu frantsesa haiekin ere praktikatzeko, eta asko ikasi dugula esango nuke», aitortu digu Txingudiko ikasleetako batek.
Ikasle eta irakasleentzat aberasgarria
Ploemeur, Hondarribiaren tamainako herri bat da, Bretainiako kostaldean, eta herri polita dela dio Maitane Cardo irakasleak. Izan ere, ez doaz itsu-itsuan bidaiatzera. Erasmus + programa ikasleentzat aberasgarria bada ere, irakasleen formakuntzan ere eragiten du. «Hasieran irakasleak Bretainiara eta Estoniara joan ginen, lekua, ikastetxea eta haien metodologia ezagutzera, eta irakasleen artean ere harremana sortzeaz gain, guretzat oso aberasgarria da», dio Maitane Cardok.
Ikastetxeko zuzendaritzak argitu duenez, aurten Danimarkan izan dira beste eskola bat ezagutzen ere, ingeleseko taldearen heldu den urteko elkar trukerako aukera ezberdinak aztertu nahian. Baina oraindik ez dute bidaia aldatu edo aurtengoa errepikatuko duten erabaki. «Garrantzitsuena, azken batean, atzerriko hizkuntza praktikatzea eta bizitzarako balio izango dien aparteko esperientzia bizitzea da, bestela ere seguruenik sekula bisitatuko ez lituzketen lekuak ezagututa», azpimarratzen dute irakasleek.