BorBor kolektiboaren Udaberriko Eskola Politikoa asteartean abiatzen da

Aitor Errazkin 2025ko mai. 5a, 11:27

Udaberriarekin batera heldu da formakuntza eta eztabaidarako gune berri bat Euskal Herrira: Udaberriko Eskola Politikoa. Herri mugimenduek, militanteek eta herritarren parte hartze aktiboa sustatu nahi duten eragileek elkarlanean sortutako ekimen honek helburu argia dauka: Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokak tresna teoriko eta estrategiko sendoekin elikatzeko espazio kolektibo eta iraunkorra eskaintzea. Andoni Egia, BorBor kolektiboko kidearekin hitzegin dugu

Astearte honetan bertan, maiatzaren 6an, ekingo dio bere lehen saioari. Formakuntza politikoa ardatz hartuta, lau saioz osatutako egitaraua aurkeztu dute antolatzaileek. Hitzordu guztiak Irunen izango dira, Arbesko Toki Alai eskolan, 18:30etan.

Eskola Politikoaren oinarrian dagoen filosofia argia da: egungo testuinguru kapitalista eta patriarkalaren aurrean, ezinbestekoa da borroka antolatua eta formakuntza politikoa uztartzea. Euskal Herriko eta nazioarteko borroken esperientziatik ikasiz, etorkizuneko estrategia kolektiboak eraikitzea da helburua.

Egitaraua (18:30etan Arbesko Toki Alai eskolan, Irun):

  •     Maiatzak 6: Feminismo materialista zaintza iraultzeko, Lore Lujanbio Etxeberria.
  •     Maiatzak 14: Marxismoa, klase borroka eta inperialismoa, Andre Bartolo.
  •     Maiatzak 29: Kolonialismoa, gaur eta hemendik, EHko Migratu eta Arrazializatuen Sarea.
  •     Ekainak 5: Burujabetza iraultza: bide bat euskal errepublikara, Unai Apaolaza Amenabar.

Hausnarketa eta formakuntza kolektiboa, herrigintzaren zerbitzura. Horixe da Udaberriko Eskola Politikoaren konpromisoa, borroka espazio batetik praktika politiko koherente eta eraldatzailea sustatzeko.