Familiak aisialdia euskaraz gozatzera animatu nahi ditu Irungo Udalak

Koldo Nausia 2025ko mai. 5a, 12:46

Familia arteko harremanetan euskararen erabilerari bultzada emateko «ondo funtzionatu duten» Familia Ola eta Haurrak Parkean programen hirugarren txanda proposatzen du Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak maiatzean. 2 eta 8 urte arteko seme-alabak dituzten familiei zuzenduta, aisialdia euskaraz gozatu eta Irunen euskaraz bizi ahal izateko Irunen dauden gabeziei erantzuteko saioak dinamizatuko dituzte Hezten elkarteko hezitzaileek. 

Aurreko astean Euskaraldia aurkeztu zuten Irunen. Baina Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak 11 egunez euskara gehiago erabiltzeko deialdia egiteaz gain, egunerokoan euskararen erabilera suspertzeko epe luzeko lanean dihardu ere. Eta Iosu Iguiñiz Euskara zinegotziak aitortu duenez, «ondo funtzionatu duten programak errepikatzea» erabaki dute. Oraingo honetan, euskararen erabilera familietan eta haurren artean ere sustatzeko helburuarekin, Familia Ola eta Haurrak Parkean programak aurkeztu dituzte.

Hezten elkarteak kudeatzen dituen programa hauen hirugarren txanda aurkeztu dute. María Viñas programen arduradunak gogoratu du, 2 eta 8 urte arteko haurrak dituzten familiak euskaraz harremanetan jartzeko aukera eman nahi dutela. Izan ere, Iguiñizek ohartarazi duenez, «ez dira gutxi seme-alaben heziketa euskaraz izatea edo familiarteko harremanak euskaraz izatea erabaki dutenak, baina gure hirian ez dute erraza, Irunen euskaraz bizi ahal izateko hutsune asko daude». Gabezia horri eta herritar askoren partetik jasotako eskaerari erantzun nahian, euskararen erabilerari bultzada emateko bi programa hauek aukera on bat direlakoan daude udal ordezkariak.

Euskara, aisialdiaz gozatzeko

Horretarako, familien aisialdia euskaraz gozatzeko aukera ematen duen Familia Ola programaren hiru jarduera proposatuko dituzte maiatzean. Hilaren 13an eta 15ean papiroflexia tailerra egingo dute Eguzkitza eskolan, 17:30etik 19:00etara. Hilaren 20an eta 22an, aldiz, zirku tailerra leku eta ordutegi berean. Eta maiatzaren 17an Tolosako Balerdipeko Erleak ezagutzeko irteera antolatuko dute. Jarduera hauek doakoak dira, eta familiak Irunen erroldatuta edo haien seme-alabak Irungo ikastetxe batean matrikulatuta egon beharko dute. Maiatzaren 9a izango da izena emateko azken epea www.irun.eus atarian. 

Bestalde, azken urteetan arrakasta lortu duen Haurrak Parkean ekimenaren zortzi hitzordu proposatuko dituzte hiriko lau haur parke eta plazatan. Hezten elkarteko hezitzaileek adinaren araberako bi taldetan dinamizatutako ekimena da honakoa. Batetik, 3 eta 5 urte arteko haurrek Zabu-Zibu taldea osatzen dute, eta bestetik, 6 eta 9 urte arteko haurrek Txirrintxon izenekoa. Txikienen taldearentzat joko-saioa 17:00etan egiten dute, eta 18:00etan koxkorrena, eta txikienen kasuan gurasoek ere parte hartu dezakete, helburua familia osoa euskaraz aritzeko kalitatezko denbora gozatzea baita. 

Udalak iragarri duenez, maiatzaren 7, 14, 21 eta 28an Oinaurreko parkean eta Nagore Laffage parkean aurrera eramango dituzte Haurrak Parkean saioak. Eta maiatzaren 9, 16, 23 eta 30ean Olaketa parkean eta San Juan plazan.