Oihana Rekalde Casadok 19 urterekin jarri zuen martxan Sagarrek proiektua. Bere familiak Olaberria auzoko Aranburu baserri historikoa eraberritzea eta berreskuratzea erabaki zuenean. Auzoaren erdian, muino baten gainean kokatuta, baserri estrategikoa izan da historikoki, eta dorretxe baten gisa mendeetan zehar agintari, jauntxo, militar eta hainbat elizgizon bertan bizi izan direla argitu ahal izan zuen artxibategiak aztertuz. Baina dokumentazio zaharretan deskubritu zuen ere, 1.484. urtean aldameneko lurrak sagastiak zirela. «Azken urteetan haragitako behiak zituen ondoko beste baserritar batek bertan, eta erabaki nuen erroetara bueltatu eta sagarrondoak landatzea historikoki izan den bezala».
Sagarrondoentzako lur egokiak zirela jakinda, beraz, abiatu zuen asmo handiko proiektu pertsonal xume hau. Izan ere, «lehen sektorea testimoniala bilakatu da Irun bezalako hiri handi batean» aitortzen du Oihanak, baina idealista bat dela dio, eta «bost mende ondoren lur hauek euskal sagarrarentzako berreskuratzea, eta landa gunea mantentzeko beharra ikusten duenez», halako proiektu bat ezer ezetik abiatzeko ausardia izan du neska gazte honek.
Olaberrian lau hektarea eta erdi kudeatzen ditu gaur egun, eta aurten Meaka auzoan beste lau hektareako sagasti bat ireki berri du. «Proiektua xumea da oraindik, sagarrondoak oso gazte direlako eta ekoizpena oso txikia», azaldu digu. Iaz, adibidez, 1.000 kilo inguru sagar besterik ez zituen bildu, normalean hektarea bakoitzean uzta urte on batean 20.000 kiloko ekoizpena jaso ohi denean. Beraz, aparte lan egin behar du, izan ere, nekez egin dezake ekonomia mementoz. Baina «urtez urte hobetzen joango da, gainera bitxiena da nire sagarrondoek gehiago produzitzen dutela ez-urtea denean, eta besteek sagar gutxi dutenean dut nik ekoizpen gehiena. Teknikariek ez dakite zergatik, baina horrela da», dio. Mementoz, bere ekoizpen guztia Irungo Ola sagardotegira bideratzen du. «Aukera eman zidaten eta eskertzekoa da, bertakoa bertakoentzat delako, eta Olaberria zein Meakako sagastiak sagardotegitik bost minutura daude gainera», azpimarratzen du.
Sagar ekoizpen ekologikoa
Baina Olaberria auzoko Aranburu baserriko lursailetara sagar-loreak bueltatu badira ere, ez ditu Oihanak sagarrondoak duela bost mende bezala kudeatzen. «500 urte ondoren bueltatu dira sagarrondoak lur hauetara, baina ekoizpen modernoa egiten dut, erabat ekologikoan, ongarri kimiko eta produkturik gabe, eta naturaren zikloari bere lekua emanez, baina teknika modernoekin», kontatu digu, «espaldera edo klonal moduan landatzen ditugu, zuhaitza estruktura bati lotuta dago, eta mahastiekin egiten den antzera nahi dugun forma hartzen doa, horrek sagastian lanak mekanizableak izatea ahalbidetzen du».
Sor-markako euskal sagarrak dira denak, eta guztira 20 bat sagar espezie lantzen ditu. Hala ere, oso gazteak izanik hasi dira sagarra ematen. Oihana Gipuzkoako Foru Aldundiaren Otalarrea Finkan martxan jarri duten 14 sagarrondo barietate txertatuekin probak egin baititu. Eta Sagarrek proiektuan Fruitel elkarteko teknikari den Aitor Etxeandia du bidelagun Oihana Rekaldek. Ehunka edo milaka urte dituzten gure sagar motak, oso berria den Geneva espezieko txertaka baten gainean txertatuz frogak egiten ari dira. Kontutan hartu behar da, 106 sagar mota dituela onartuak Euskal Sagardoak bertako gisa, eta horietatik 24 dira gehien erabiltzen direnak, gezak eta garratzak. Argitu digunez, «phytorphthora gaixotasunari erresistentzia hobetzen duen txertaka da hau, baita beste izurrite batzuei tolerantzia handitu, eta ekoizpena hobetu dezake sustraietan ere». Hortaz, batetik tradizioa eta kultura, eta bestetik gaur egungo tendentziak, denak uztartzen ditu kalitatezko sagarra eta sagardoa lortzeko.
Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan ari da. Frutarbolek berezkoa duten alternantzia horri aurre egin nahian dabiltza ekoizle eta agintariak. Eta aldundiak berak aditzera eman dutenez, «15 urtetan hemengo sagardoa %100 bertako sagar hutsez egitea da helburua, eta horretarako ekoizpena handitu behar da». Eta Euskal Sagardoaren ekoizpena sustatzeko, ikerketa eta esperimentazioa garrantzitsua bada, horretan ere murgildu da Sagarrek proiektua.
Haatik, sagardoa ekoizteko asmorik ez du. «Eskatuko lukeen inbertsioa eta azpiegitura handia da, eta ez dut epe laburrean halakorik ikusten», azaldu digu, epe luzera begira erabat baztertzen ez badu ere.
Dibulgaziorako sagastiak
Sagardotarako sagar ekoizpena bermatzen aldera, sagar-loreak polinizatuko dituzten erleak sagastian dantzan ibili daitezen bi erlauntza jarri berri ditu Olaberria auzoko bere sagastian. «Sagastiko belarra ere luzatzen uzten dut, eta loratu daitezen, ekosistema oso bat sortzen da eta izurrite larririk ez dut izan orain arte, naturaren zikloa errespetatzen dut eta bere oreka bilatzen du», argitzen du Sagarrek proiektuaren eramaileak.
Hala ere, ia 4.000 sagarrondo hauekin aski lan duela aitortzen ditu Oihanak, eta lehen urte hauetan bere lagun eta senideekin moldatzen da aurrera egiteko. Ekoizpena handituko denean langile gehiago beharko dituela ziur dago, eta horregatik, sagardoa berak propio ekoizteko asmorik ez zaio burutik pasatzen. Dena dela, sagarraren ekoizpenak, polinizazioa eta prozesu guztiaren dibulgazioa egiteko Sagarlagun proiektua lantzen hasi da. «Haur eta gazte belaunaldien ezagutza eta adineko pertsonen arteko jauzia handia izan da, gazte askok ez dute hau ezagutzen, eta lehen sektoreak ingurumenean duen garrantziaz jabetu daitezen bisitak antolatu nahi ditut», kontatu digu. Belaunaldien arteko harremanak sustatu, eta eskolartekoei zuzendutako jarduerak proposatu nahi ditu sagastiaren ateak irekiaz horretarako.
Sagarfest bigarren edizioa
Bide beretik, iaz egin zuen bezala, aurten ere Sagarfest antolatu du. Udaberriko sagar-loreak ederrak dauden honetan, Meakan lantzen hasi den sagastiaren ateak ireki eta maiatzaren 18an goizeko 10:00etan bisita gidatu bat proposatzen du sagastia ezagutu nahi duen ororentzat. Borda Txiki jatetxearen atzealdean dagoela argitu digu. Bisitarekin batera, tokiko beste zenbait ekoizle gonbidatuko ditu festara, euren postua jar dezaten: Miriam Merino (Mirimeba Design), Rebeca (RE Handmade Jewelry), Alian (dekorazioa), Antton Anuncibay (N1 Creations), Joseba Olaskoaga (Baxerri argazkilaria) eta Artkham crochet artisauak.
Behin bisita amaitutakoan, Auntza Trikitixa Eskolako trikitilariek alaiturik Ola sagardotegirako bidea hartuko dute. Han ere, sagardoaren ekoizpen prozesuaren berri eman eta txotx egiteko asmoa dute. Iragarri duenez, jaialdirako sarrerek 10 euroko «prezio sinbolikoa» dute, gastuak estaltzeko.