Bidegorriak hobetzeko ia 300.000 euroko inbertsioa egin du Irungo Udalak

Antxeta Irratia 2025ko mai. 9a, 15:25

Behobia eta Azken Portu arteko bidegorria ez ezik, Aduana kalean, Martindozenea alboko Baron de Oña lorategian eta Puianan bidegorrien zoladura berritzeko 294.832 euro bideratu ditu Irungo Udalak. Puiana, gainera, 2022an Meakan instalatu zuten bezalako bizikleta garbitzeko gune bat ezarriko dute.

Irungo bidegorri-sarea hobetzeko 294.832,68 euroko inbertsioa egingo du udalak. Hiriko hainbat puntutan bidegorriek duten erabilera handia dela eta narriatuak daudela azaldu dute Gorka Alvarez Obretako udal ordezkariak eta Sergio Javier Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak gaur egindako agerraldian. 

Udalaren konpromisoa bidegorriak baldintza egokietan mantentzea dela azpimarratu du Alvarezek, eta «ahal den neurrian ibilbideak osatzea». Mementoz, bide horiek hobetzeko helburuarekin ekin diote lan hauei Excavaciones y transportes Orsa enpresari esleitutako aurrekontuarekin. Pasa den astean Juan Thalamas Labandibar kaleko azken etxea eraisteari ekin zioten eta lan horiek baliatuta, bidegorri berri bat sortzeko asmoa adierazi du Alvarezek, Behobia eta Azken Portu lotuko dituena. Zehazki, Juan Thalamaseko 37. zenbakitik Azken Portu kiroldegi alboko komunetaraino berriro zolatuko dute bidegorria, eta jarraipena emango diote. «Orain arte Vertiz Ford kontzesionarioaren oztopoa zuen bidegorriak, eta azken etxea eraitsi egin dela aprobetxatuz, dena homogeneizatuko dugu», aditzera eman du Obretako ordezkariak.

Honetaz gain, hiriko beste zenbait puntutan egingo dituzte obrak bidegorriak osatu edo zoladura berritzeko. Aduana kalean, Baron de Oña lorategian (Martindozenea ondoan) eta Puianan. Zoladura berritzeaz gain, seinalizazioak berrituko dituzte eta bideak gorriz eta beltzez margotuko dituzte espaloia eta bidegorria bereizita egon daitezen. Alde horretatik, Aduana kalean Pio Baroja ikastetxeraino iristen den bidegorria 20 zentimetro zabalduko dute eta espaloiaren eta bidegorriaren arteko aldea deuseztatuko dute. 

Bizikletak garbitzeko puntua

Bestalde, Meakan jarri zuten bizikletak garbitzeko lehen puntua 2022an, eta gaur bigarrena jarriko dutela iragarri dute bi udal ordezkariek. Puianan instalatuko dute, ospitalearekin bat egiten duen bidegorriaren alboan. Kokapena erabakitzeko, mendiko bizikleten erabilera izan dute kontutan. Puntu hau hesituta egongo da, urak ihes egin ez dezan, eta kanal batzuk sortuko dituzte ur zikina bideratzeko eta ur putzuak ekiditeko.