San Pedro eta San Martzial jaietako Kuadrillen Eguna eta Herri Bazkaria prestatzen joateko deia luzatu du Betti Gotti euskara elkarteak. Ekainaren 21ean Ficoban antolatuko duen 1.800 lagunentzako Herri Bazkarirako sarreren salmenta igande honetan (maiatzak 11) hasiko da, sistema berri batekin. Betti Gotti elkarteko Joxeja Zabalok azaldu duenez, azken urteetan sarrerak elkartearen webgunean eskuratzeko sistemak arazoak suertatu dituenez, aurten posta elektroniko bidez erreserba egin beharko da. «Iaz hainbestekoa izan zen eskaera, webgunea bost orduz blokeatu egin zela, eta horrek tiketa erosi nahi zuenari ez ezik, antolatzaileoi ere arazoak sorrarazi zizkigun», argitu du. Barkamenak eskatzearekin batera, hori berriz gerta ez dadin neurriak hartu dituztela argitu du.
Tiketak eskuratzeko sistema berria
Horiek horrela, aurten prozesua aurreratu egin dute, eta igande eguerdi honetan 12:00etatik aurrera mezu bat bidali beharko da kuadrilabazkaria@bettigotti.eus helbidera. Lehenago egindako eskaerak ez dituzte onartuko. Zabalok mezu horretan eman beharreko zenbait datu zehaztu ditu, Betti Gottik tiketen erreserbak koordinatu ahal izateko eta lanak errazte aldera.
«Kuadrillako kide bakarraren izena eta bi abizenak, NAN zenbakia, Ficobako pabilioien banaketa egiteko kontuan hartuko dugun adina, mugikor zenbakia, herria, harremanetarako emaila, kuadrillan adostutako izen motza, zenbat txartel behar diren, eta menuak egokitzeko dieta bereziren bat behar ote den argitu beharko da», azaldu du Betti Gottiko kideak. Iragarri duenez, bidalitako helbide elektronikoa ongi jaso izanaren konfirmazioa jasoko da ondoren, eta hortik aurrera «itxaron besterik ez da egin behar, guk erreserba txanda baieztatu eta pasarela bidez egin beharreko ordainketa abisua bidaltzea». Aurreratu dutenez, astebete beharko dute gutxienez horretarako, eta ordainketa oharra jaso eta 48 orduko epea izango da hau egin eta tiketak baieztatzeko. Bestela zerrendaren hurrengoari egokituko zaizkio.
Herri Bazkariaren bueltan antolatuko duten programazioa aurrerago jakinaraziko dute. Baina bazkari-txartela iaz bezala 20 eurotan mantenduko dutela azpimarratu dute, eta aurtengo zapia berde kolorekoa izango dela. Gainerakoan, aurreko urteetako eskema jarraituz, bi pabiloi erabiliko dira bazkaria egiteko Ficoban. Lehena, 18-22 urte bitarteko gazteentzat, 684 plazekin. Eta bigarrenean 23 urtetik gorakoentzat 1.116 plaza izango ditu.
Koadrilen Egunerako prestaketa
Zapiaren kolorea eta kuadrillek Herri Bazkarirako erabakiko duten izengoitia gogoan hartu ditu Asier Arbelaitz, Antxeta Irratiko kideak ere gaurko agerraldian. Izan ere, joan den urtean Antxeta Irratiaren laguntzarekin berreskuratutako kamiseta lehiaketa antolatuko dute aurtengoan ere. Eta Arbelaitzek kuadrilla bakoitzak bere izena erabiltzeko animatu nahi izan ditu, eta norbere kamiseta diseinua prestatzen has daitezela.
Era berean, Herri Bazkariaren egunean, Kuadrillen Eguna abiatzeko Goitibehera Lasterketa antolatuko dute aurten ere San Martzial kalean behera, goiza girotzeko helburuarekin. Honetarako ere, antolakuntzak goitibeherak utziko baditu ere, norbere modeloa diseinatu eta eraikitzeko deia luzatu dute antolatzaileek. Iaz arrakasta handia izan zuen ekimen honek, eta urtetik urtera indartzen joateko asmoa dute. Ildo honetan, aurtengo Goitibehera Lasterketan Irungo emakumeei parte hartzeko deia luzatu diete. «Zurrumurrua dabil neska batek asmoa duela parte hartzeko lehen aldiz, beraz, emakume gehiago animatu nahi ditugu, bakarra izan ez dadin», esan du Arbelaitzek.
Gaur San Juan plazan egindako aurkezpenean, Nuria Alzaga Irungo Udaleko lehen alkateordea eta Kultura ordezkariak parte hartu du. Elkarte eragileek egiten duten lana balioan jarri nahi izan du Alzagak, «haien denbora librea eskaintzen dutelako jaietan hau posible egiteko ez ezik, urte osoan zehar ere antolatzen dituzten ekimenetan ere». Eta Irungo Udala haiekin elkarlanerako prestutasun osoa duela azpimarratzearekin batera, Herri Bazkaria antolatzeko aurten Irungo Udalak bere ekarpen ekonomikoa emendatu egin duela aditzera eman du. Nolanahi ere, «irundarrentzat hain garrantzitsua den eguna antolatzen laguntzeko» elkarlanean sakontzeko prestutasuna adierazi du Kultura ordezkariak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!