Neguko landareak kentzeko lanak hasi ditu Irungo Udalak, eta udako loreek koloreberrituko dute hirigunea. Meakako udal mintegian hazitako loreak landatzeko kanpainari ekin diote, eta dagoeneko 1.700 begonia eta baltsamia gorri landare aldatu dituzte San Juan plazaren inguruan, eta beste 4.500 salbia gorri landatuko dituzte egunotan Luis Marianon.
Hiri osoko beste berdegune batzuetan ere aldatuko dituzte landareak, hala nola Olibondoen biribilgunean, Juan Perez de Azkue plazan, Letxunborro hiribidean, Dunboan, Puianan, Galen, Arbesen, Belaskoenean eta Katean. Aurten, guztira, 29.689 landare hazi dituzte Meakako hazitegian, eta udako landaketa prestatzeko lanak abenduan hasi zituzten lorezainek.
Bestalde, Zubimuxu plazatxoan udako lore gutxiago landatuko direla argitu du Irungo Udaleko Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkari Gorka Alvarezek, bertan egin beharreko egokitzapen lanak direla eta. Bertan zuhaixken bolumena txikituko da, eta Hydrangea Annabelle hortentsiak landatuko dituzte mazizoen atzealdean. Era berean, askotariko koloreetako ageratum, baltsamina, anthirrino, begonia, cleome, coleo, lobelia eta salbia multzo misto bat ezarriko dute.
Datorren astelehenean, landaketa kanpainan kenduko dituzten neguko 7.000 landare inguru banatuko die udalak herritarrei. Hirugarren urtea da ekimen hau antolatzen dutela, eta interesa duen irundar orok aukera izango du Luis Marianoko turismo bulegoaren ondoan, hilak 19an 10:00etan egingo den banaketa hurbilduz. Udal ordezkariak argitu duenez, 600 Sanjose-lore, 600 oroilore, 600 anemona, 600 mitxoleta, 600 bioleta, 1.000 krabelin eta 2.900 tulipa banatuko dituzte dohainik.
Lorezaintza kontratu berria
Alvarezek azaldu duenez, Gureak enpresa arduratuko da landaketa lan hauetaz. Izan ere, Irungo berdegune, parke eta lorategiak mantendu, kontserbatu eta hobetzeko kontratu berria maiatzean sartu zen indarrean. Eta gizarte ekimeneko enplegu zentro bereziekin eta gizarteratze enpresekin egin ohi du udalak kontratazio hau, eta desgaitasunen bat dutenek gizartean aktiboki parte har dezaten bultzatzea du helburu. Oraingo honetan, Gureak enpresako 35 langile finko dira zerbitzua emateko, eta udaberrian eta udan 12 langile gehiago ariko dira kanpainari aurre egiteko. Orotara, 2.025.930 euroko kontratua esleitu du udalak bi urterako.
Gorka Alvarezek azpimarratu du, hiriko lorategi eta berdeguneetako landareak aldatzeaz gain, leku askotan esku hartuko dutela: «Irungo auzo guztietan». Bestalde, auzo eta parkeak mantentzeaz gain, Udal Brigadak herritarren abisuei erantzuten diela gogoratu du. Zehazki, milioi bat metro koadro azalerako berdegunea kudeatzen dute udalerrian.