Artiako Lagunak taldeak «zuhaitzak suntsitzeko estrategia» leporatu dio udalari

Koldo Nausia 2025ko mai. 13a, 14:41

Irungo Udala gaur hasi da Juan Thalamas Labandibar eta Dario de Regoyos arteko ezpondan 5 ezki erauzteko lanetan. Obretarako udal ordezkaria, Gorka Alvarezek zuhaitz bakoitzak bere txosten teknikoa duela, eta «erortzeko arriskua» argudiatu du erabakia hartzeko «herritarren segurtasuna gainerako guztiaren gainetik» dagoelako. Artiako Lagunak Taldeak, aldiz, «informazio gardentasun eza eta zuhaitz lerro guztia suntsitzeko estrategia programatua» edukitzea leporatu dio udalari. 

 

Joan den azaroko haizeteen ondorioz Juan Thalamas Labandibar eta Dario de Regoyos arteko ezpondan erori zen 18 metroko ezkiaz gain, Irungo Udalak halako beste lau zuhaitz kentzea erabaki zuen orduan. Landaketa kanpaina amaitzear dagoela, motzondo soilak bertan jarraitzen dutela salatu zuen Artiako Lagunak Taldeak joan den apirilean. Eta kendutakoak ordezkatzera behartzen duen 2020ko mozioa gogora ekarri du hainbatetan, udalaren «zuhaitzen kudeaketa eskasa» salatuz.

Badira hainbat urte talde ekologista honek ezki-lerro honen defentsa hasi zuela, «trafiko handiaren isuriak ez ezik kutsadura akustikoaz babesten» dituelako, eta Azken Portu alderako ezpondan dauden beste 48 zuhaitzak ere bere horretan mantentzea ezinbestekotzat jotzen dute. «Zutik mantentzen den azken zuhaitza babestuko» dutela hitzeman du Alazne Izulain taldeko aktibistak gaur Antxeta Irratian. Izan ere, kolektiboak “Hemen Zuhaitz Bat Falta Da” kanpaina abiatu zuen apirilean, aho batez onartutako aipatutako mozioa betetzen ez dela ikusita: «kentzen den zuhaitz oro ordezkatzera behartuta dago udala, eta ez du egiten», diote. Baina nahi bezainbeste zuhaitz berri landatu ez, eta Juan Thalamas Labandibar eta Dario de Regoyos kaleko ezpondan beste 5 zuhaitz erauzteko lanak hasi ditu Irungo Udalak gaur. Maiatzaren 13tik 15era errepide nagusiko trafikoan eragingo dute lan hauek, baita Irunbuseko L1 linean ere 9:15etik 15:45era. 

Hain justu, errepidearen segurtasunarekin kezkaturik erabaki du udalak bost ezki hauek kentzea. Gorka Alvarez, Obretarako udal ordezkariak argitu duenez, «zuhaitz bakoitzak bere txosten teknikoa du, eta adituek diote erortzeko arriskua dutela, zorigaiztoko arazo bat sorrarazi dezaketenez hoberena da kentzea, herritarren segurtasuna dagoelako gainerako guztiaren gainetik», dio EAJko bozeramaileak, «izaki bizidunak dira, eta gainontzekoak bezalako zikloak dituzte nahi ala ez, sortu, handitu, zahartu eta hiltzen dira». Hala ere, datorren landaketa sasoian hauek ordezkatzeko beste batzuk landatuko dituztela aurreratu du. Era berean, kolektiboarekin komunikazio falta egon dela aitortu du ordezkari jeltzaleak, eta barkamenak eskatu ditu. 

Artiako Lagunak Taldeak, aldiz, zuhaitz horien azterketa teknikoaren txostena erdizka eta azken mementoan baizik ez dietela helarazi salatu du, eta azaroaz geroztik HAZ-SAC bidez eta zinegotziei galdetuta ere azalpenak eskatu dituzten arren, Gorka Alvarez erauzketa lanak hasi aurreko egunetan jarri dela beraiekin harremanetan. «Udalak informazio gardentasunik ez du gai honekin, eta zuhaitz lerro guztia suntsitzeko estrategia programatua du», dio Izulainek, agintariek epe luzerako helburuak lortzeko azpi-jokotan ari direla susmoa hartuz, «ezkiak traba egiten diete, erakundeen benetako helburua hor errepidearen hirugarren errail bat egitea delako».

Entzun albiste honi lotuta Artiako Lagunak taldeko eta Obretarako udal ordezkariaren salaketa eta erantzunak.