“Kirola par(t)ekatuz” izenburupena, heldu den maiatzaren 18an, igandean, Igande Sasoi ekimenaren edizio berri bat antolatu du Parean elkartean, Irungo Udalaren laguntzarekin, Kolon Pasealekuan. Hirugarren aldiz antolatu du Pareanek ekimen hau eta berrikuntzak ere izanen ditu aurtengoan, data aldaketa eta Euskaraldian parte hartzea, bertzeak bertze. Guztira hamabost klubek eskainiko dute euren kirola probatzeko aukera eta klub ezberdinen informazioa ere eskuragarri egonen da bertan.
Parean elkarteko Oihana Llorentek ekimen honen helburu nagusia “emakumeen kirola ikusaraztea eta emakumeak kirolera hurbiltzea” dela aipatu du. Horretarako, Irungo hamabost klub bertaratuko dira Kolon Pasealekura, euren jardueren berri ematera eta kirol ezberdinak probatzeko aukera eskaintzera. Tartean, Real Union Club, CD Bidasoa, CD Dunboa Eguzki, Aia Gimnasia Artistikoa, Santiagotarrak, Txingudi Rugby Klub, Bidasoa Atletiko Taldea, Mayumi Volley Taldea, Xake Bidasoa, Lur Alai Squash Kluba, Jaizubia Hipika Kluba, Leka Enea Mahai Tenisa, Miren Gomez dantza estudioa eta Irungo Orientazio Zerbitzua izanen dira bertan.
Goiz osoko egitaraua osatu dute, 10:30etik 13:30era luzatuko dena. Lehen orduan, Women running club I-run 50/50 taldeak 5 kilometroko lasterketa antolatu du. Ondotik, 11.00etan Aia gimnasia artistiko taldeak erakustaldia eta klasea eginen du.12.00etan berriz, adineko pertsonentzako gimnasia klasea izanen da Kirol Orientazio zerbitzuaren eskutik, eta bukatzeko, 12.45ean Miren Gomezekin nahi duen guztiari irekitako ballet fit erakustaldia egonen da. Honetaz aparte, “kirol klub guztiek errepidea okupatu dute", Llorentek argitu duenez, eta euren eskaintza erakutsiko dute, neskek eta emakumeek probatu dezaten.
Berrikuntzak ere izanen ditu hirugarren edizio honek. Parean elkarteko kideak jakinarazi duenez, kirolak probatzea saria izanen du aurtengoan: “Ginkana bat ospatuko dugu. Kirolak probatu ahala, kartilla batzuk beteko dituzte partehartzaileek eta hori entregatuko dute goiz bukaeran. Horrekin zozketa bat eginen dugu klub emandako materialarekin”. Igandeko ekimenaz gain, kirol klub guztiak konpromezua hartu dute edizio honetan aitzinera begira ere ate irekiak ospatuko euren instalakuntzetan. Pareanetik gıda bat osatu dut informazioa hau guztiarekin eta neskak animatu dituzte igandean gain, “gerora ere klubetara hurbiltzera”.
Euskaraldiarekin ere bat eginen du Igande Sasoiren edizio honek eta Llorentek “euskaraz aritzera eta txapak ekartzera” gonbidatu ditu guztiak. Euskaraldiak ere mahai bat paratuko du bertan, informazioa guztiarekin, eta Antxeta Irratia ere bertan izanen da, 11:00etatik 12:30era saio berezi bat egiten eta bertan dauden kirol klubetako kideak elkarrizketatzen.
Aurreko edizioetan ez bezala, Igande Sasoi berezi hau maiatzean ospatzea erabaki dute aurtengoan. Miren Lanzek azpimarratu du ekimen honen “helburua neskek klubetan izena ematea” dela eta udaberriak egitea aldaketa garrantzitsua ere badela, “hurrengo ikasturteari begira, neskak anima daitezen izena ematera”. Azkenik, emakume guztiak animatu dituzte igande honetan Kolon Pasealekura bertaratzera, “kirola ere gure espazioa delako eta kaleak okupatuko ditugulako”, Llorenteren erranetan.
Irungo Udalarentzat ere Parean elkartearekin batera antolatutko ekimen hau garrantzitsua dela onartu du Borja Olazabal kirol zinegotziak. Beraientzat ere “ezinbestekoa da emakumeek kirola praktikatzea eta txiki-txikitatik hastea”. Horrelako ekitaldiak beraz, berebizikoak dira helburu hori lortzeko, batez ere, “kirolak ezagutzera emateko eta neskak klubetan izena emateko”.
Irungo hamabost klubek hartuko dute parte beraz, maiatzaren 18ko Igande Sasoin, eta bakoitzak jarduera desberdinak eskainiko ditu euren kirolak ezagutzera emateko. Hesiak, zelai txikiak, squash pistak, xakean jokatzeko mahaiak eta hirugarren adineko jendearentzat zuzendutako ariketak eskainiko dituzte bertzeak bertze. Denek goraipatu dute ekimena eta neskak atxikitzeko ezinbertzekoa dela ere azpimarratu dute. Horregatik beragatik, denek animatu dute jendea igandean Kolon Pasealekura bertaratzera eta eureki bat egitera.