Irungo CBA Kulturguneko Udal Liburutegiko arreta langileek bizi duten lan baldintzen prekarizazioa salatu dute. CBAn arreta ematen duten pertsonek EULEN enpresarentzat lan egiten dutela, eta ez Irungo Udalarentzat oroitarazi dute, asteburu honetan Irunen ospatutako hainbat kale ekimenetan banatutako eskuorrien bidez. Azaldu dutenez, «duela aste batzuk lankide batek erretiroa hartu zuen eta inor ez da etorri hura ordezkatzera». Eta zerbitzuak azken urteetan izan duen bilakaera kontuan hartuta, «betiko langile bat gutxiago izango garen beldur gara» diote.
Egoera honetan, gaur gaurko CBA Udal Liburutegiko «erabiltzaileei kalitatezko arreta eskaintzetik, larrialdi baten aurrean zentroa ebakuatzeko arazoak izateraino» bermatzeko arazoak dituztela salatzen dute langileek. Eta udalari EULEN enpresarekin duen kontratua ez betetzea leporatzen diote. «Badirudi udalak ez duela egoera konpondu nahi», diote.
Alde horretatik, gaur egun indarrean dagoen kontratua Irungo Udalak 2018ko ekainean EULEN enpresari esleitutakoa dela argitu dute, eta gehienez ere lau urteko iraupena behar bazuen ere, 2022tik berritu ez denenez, urtetik urtera nahitaezko luzapen batean daudela salatzen dute, eta «horrek langileak egoera larrian jartzen gaitu».
Langile hauek Carlos Blanco Aginaga udal kultur zentroko erabiltzaileei arreta zerbitzua emateaz gain, bertako dokumentuak eta instalazioak erabiltzeko lanak ere egiten dituzte, udal liburutegiaren funtzionamendua bermatuz. Antxeta Irratiak argitu ahal izan duenez, Irungo Udalak enpresa honi 2018an esleitutako azken kontratuaren pleguetan baldintza ekonomikoen hobekuntza nabaria egin zuen 2015ean sinatutako aurreko kontratuarekin alderatuta. 2015-2017 urtaldiko kontratuan, langile/orduko 16,13€ + 3,39€ko BEZ (%21), guztira langile/orduko 19,52 €ko zenbatekoan baloratzen zuten bitartean, 2018an B motako lanetarako 22,41 eurotara igotzeko eskaintza egin zuen enpresak, %21eko BEZ barne. Eta A motatako lanorduen kasuan, 29,09 eurotaraino emendatuz. EULEN S.A. izan zen lehiaketa publikora aurkeztutako enpresa bakarra, eta udalak ezarritako pleguen arabera, 100 puntu posibleetatik 84 eskuratu zituen lehiaketa publikoan. 2022an iraungitako kontratua bada ere, urteroko luzapen bitartez segurtatzen ari da gaur egungo zerbitzua.