Irungo Mercadonak langileak jazartu eta eskubide sindikalak ukatzen dituela salatu izan du hainbatetan ELA sindikatuak. Eta epaileek arrazoi eman diote. Sindikatuak jakinarazi duenez, iazko maiatzean bajan zegoen langile bat kaleratu zuen Mercadona enpresak Araso industrigunean duen saltokitik, diziplina arazoak argudiatuta, eta baja hartzeko arrazoiak zalantzan jarriz.
Urtebete beranduago, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak arrazoia eman dio sindikatuari eta Irungo Mercadona behartu egin du bajan zegoen bitartean kaleratu zuten langilea berriro kontratatzera. Izan ere, ebazpena langilearen kontrakoa zen eta sindikatuak azaldu du kaleratutako langilearen lankideek presiopean eman zutela lekukotza.
Kaleratutako langilea ELA sindikatuko ordezkaria zen bertan, eta Mercadonak kaleratzea argudiatzeko detektibe pribatu bat kontratatuz lortutako frogak aurkeztu zituela salatu dute. Sindikatuak helegitea aurkeztu zuen eta baliogabetzat jo dute kaleratzea. ELAk Mercadonan lan baldintza duinak lortu arte lanean jarraitzeko asmoa adierazi du, langileek haien eskubideen alde borrokatu ahal izan dezaten errepresaliarik jaso gabe.
Mercadonaren jokamolde bortitza
Mercadonaren jarrera antisindikala ez da gertaera isolatua euskal sindikatuaren arabera. ELAko ordezkariek diotenez, lan baldintza duinak errespetatu beharrean, espainiar enpresa honek «badirudi nahiago duela epaile batek agindutako isunak pagatu eta langileen eskubide sindikalak zanpatu, merkeago ateratzen zaiolako». Alde horretatik, 2023ko urrian Nafarroako Gobernuak 7.500 euroko isuna jarri zion Mercadonari langileen duintasuna urratzeagatik. Eta 2019an ere, Gasteizko Lan Arloko epaitegiak enpresa kondenatu zuen ELAko ordezkari bati osagarri bat ez ordaintzeagatik, jokabide antisindikala izan duela iritzita.
Oraingoan, aldiz, langilea bajan zegoen, eta enpresak baja iruzurra dela egotzi dio baita disziplina arazoak argudiatu ere kanporatzea justifikatzeko. ELAk argitu duenez, «langileen lan baldintzak defendatu eta haien eskubide sindikalak defendatzen duen langile ororen kontra jotzen dute geroz eta bortitzago, lehenbailehen erditik kentzeko helburuarekin».