AbenturaERO udalekuetan txanda bat gehiago antolatuko dute aurten

Antxeta Irratia 2025ko mai. 20a, 14:01

Aurreko urteetako eskari handia izan denez, aurten laugarren txanda bat izango da. 2014 eta 2017 artean jaio eta Irunen erroldatutako umeei zuzenduta dago, eta maiatzaren 21etik 30era egin beharko da izen-ematea Irungo Udalaren webgunean edo autozerbitzu-terminaletan. Behin-behineko zerrendak ekainaren 4an eta 5ean argitaratuko dituzte.

Irungo haurrei udako opor garaian bizikidetzako espazio ludiko bat eskaintzea eta euskararen erabilera sustatzeko helburu duen AbenturaERO programa aurkeztu du Sandra Cabellero, Gazteria arloko udal ordezkariak. 2014 eta 2017 artean jaio eta Irunen erroldatutako umeei zuzendutako udaleku irekiak badira ere, astelehenetik ostegunera 9:00etatik 14:00etara surfa, piraguismoa eta abentura jarduerak egiteko aukera emateaz gain, txikienen autonomia hobetzeko helburua ere badu, eta horretarako udalekuen azken egunean gaua pasatzera joango dira.

Aurreko urteetan «oso ondo baloratua» izan da ekimen hau, eta eskaria handia izan denez, aurten laugarren txanda bat antolatzea erabaki du udalak. Horrenbestez, uztailak 7-12, uztailak 14-19, uztailak 21-26 eta uztailaren 28tik abuztuaren 2era proposatzen dituzte txandak.  

Interesa duten familiek maiatzaren 21etik 30era arteko epea dute izena emateko. Udalaren webgunean edo Udalaren autozerbitzu-terminaletan egin daiteke, eta zozketarako onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak ekainaren 4an eta 5ean argitaratuko dituzte. Horren arabera, ekainaren 11n egingo da tokien zozketa publikoa. Eta emaitzak ekainaren 13tik aurrera kontsultatu ahalko dira www.irun.eus atarian, 010 eta 943 505 152 telefonoetan eta Udalaren autozerbitzu-terminaletan.

Azkenik, ekainaren 16tik 25era bitartekoa izango da behin betiko izena emateko epea. Behin prozesua bukatuta, plaza lortu duten haurren guraso edota tutoreekin bilera informatiboa antolatuko du udalak programari buruzko informazio guztia emateko.

Prezio publiko berriak

Irungo Udalak 2025ean udal zerbitzu eta prezio publikoen tasak egokitu eta udal ordenantza fiskal berria aplikatzen duela oroitarazi du. Solas Jolas edota Irisarriland udalekuetan bezala, AbenturaERO udalekuetan ere, erabiltzailearen familiaren diru-iturrien araberako prezioa ordaindu beharko da. Zehazki, prezio osoaren % 5, %35, %75 edo %100 aplikatuko zaio, etxeko errentaren arabera, eta desgaitasuna, bizikidetza-unitateko adingabe kopurua eta halako beste zenbait kenkari kontuan hartuta. Hala ere, ahalmen ekonomikoaren araberako ordainketa-sistema aplikatzeko eskaera udalaren webguneko egoitza elektronikoan egin beharra dago, bestela 4. tarifa (%100ekoa) aplikatuko du udalak automatikoki. 

Hauek dira lau tarifa kategoriak aplikatzeko aintzat hartzen dituzten famili-unitateko diru-iturrien tarteak: 

  • tartea, 15.120 eurotik beherako errenta dutenak: horiek tarifaren % 5 ordainduko dute.
  • tartea, 23.188 eurotik beherako errenta dutenak: horiek tarifaren % 35 ordainduko dute.
  • tartea, 29.096 eurotik beherako errenta dutenak: horiek tarifaren % 75 ordainduko dute.
  • tartea, 29.096 eurotik gorako errenta dutenak: horiek tarifaren % 100 ordainduko dute.