«Kognizioaren galera dakarren gaitz bat izan arte itxaroten badugu zerbait egiteko, gehiegi itxarotea da». Harvard Medical Schooleko neurologia katedraduna Álvaro Pascualen esanak gidalerro du Do, Re, Ni elkarteak. Azken urteetan kognizio mailako gaitzek eta bereziki Alzheimerrak izan duen garapena dela eta, musikaren ariketa eta osasuna uztartzen dituen eremu bat sortu du “Do Re Ni” metodo berritzaile honek. Garuna estimulatzeko metodo hau 2020an zientifikoki ikertu zuten Osakidetzako profesionalek Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Kutxa Fundazioaren dirulaguntzekin.
Orio, Urola Kosta eta Donostialdeko 70 urtetik gorako pertsonekin egin zuten ikerketa, eta garuneko prozesu degeneratiboen ondorioak mantsotzeko eraginkorra dela ondorioztatu zuten. Orduz geroztik, hainbat udalerritan eraman dute praktikara. Eta iaz Hondarribian abian jarri ondotik, Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arlotik antolatu duten 'Bizi Gogoz' programaren eskutik eskainiko dute. Programa hau 2023ko aurrekontu parte-hartzaileen bitartez eramaten dute aurrera adineko pertsonen bizitza aktiboa sustatu nahian.
Ekainetik aurrera 60 urtez gorako pertsonentzako tailerrak proposatuko dituzte. Batetik, adineko sexualitatearen mitoak apurtzeko Raquel Calvo sexologoak “Plazera eta bizi tximeletak” izeneko saioak emango ditu ekainaren 6tik aurrera ostiralero, 17:00etatik 19:00etara, Palmera Monteron. Eta Itziar Sistiaga idazleak "Idazketa emozionaleko kapsulak" tailerra emango du. Ekainaren 12an izango da lehen saioa, 17:00etan.
Aurtengo nobedadea, aldiz, estimulazio kognitiborako tresna gisa musika erabiltzen duen “Do Re Ni” izeneko proiektua izango da. Ekainetik 2026ko martxora eskainiko dute Leka-Enea apartamentuen gune sozialean (Lekaenea kalea, 5), astelehenero 16:30etik 18:00etara. Eta Xabier Lizaso pianu-jole, musika irakasle eta Do Re Ni elkarteko kideak azaldu digu terapia honen metodoa zein den. Hemen izena eman daiteke.
Entzun bere azalpena albisteari lotutako audioan.