66 urteko garraiolari bat hil zen astelehenean Irunen lanean ari zela

Antxeta Irratia 2025ko mai. 22a, 12:18

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek kontzentrazioa deitu dute bihar, maiatzak 23, 12:00etan Zaisako eraikinaren parean. 2025 honetan gutxienez 20 langile hil dira Euskal Herrian, eta horietariko 9 garraiolariak ziren. LAB sindikatuak salatu duenez, arrisku eta prekarietate handia jasaten duen sektorea izanik «adin horrekin lanean jarraitu behar izatea onartezina da».

LAB sindikatuak salatu duenez, maiatzaren 19an, astelehenean 67 urteko garraiolari bat zendu zen lanean Irunen. Goizaldeko 06:30ean TRANSPIDE S.L. enpresako garraiolaria (S.S izenekoa) hilik agertu zen lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Kamioia martxan zegoen, atea irekita, eta zantzu guztien arabera heriotza ez da traumatikoa izan.

Hala ere, azken honekin gutxienez 20 langile hil dira urte hasieratik Euskal Herrian, eta hauetariko 9 garraiolariak ziren. LABek dio ez dela onargarria adin horrekin lanean jarraitu behar izatea, eta are gehiago halako jarduera arriskutsu batean. Diotenez, ez da kasualitatea logistikaren sektore honetan 9 heriotz gertatu izana, garraiolariek jasaten duten prekarizazio maila handia delako.  Sektore honetan heriotza ez traumatikoen presentzia altuagoa dela argitu du sindikatuak, estresa, lan karga handiak, erritmoak, eta funtsean, bizitza osasuntsua eramateko zailtasun handiak dituztelako. «Hauek prebenitzeko neurriak hartu behar dira, eta gobernuek dute horren giltza», azpimarratu du LABek. 

Bitartean, Osalan bezalako erakundeek plan antzuak egiten dituztela salatu dute, «eraginkorra izango den neurri bakar bat ere eskeini gabe» Hau guztia salatzeko, “Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopean, kontzetrazioa deitu dute bihar, maiatzaren 23an, 12:00etan Behobiako Zaisa eraikinaren parean. Deialdia LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU garraiolarien sindikatuak luzatu dute.