Hirugarren urtez jarraian martxan jarri du Txinzerrek BidaSos 2030 kanpaina ibiltaria. Ekainaren 3a Irungo Urdanibia auzoan izango da (Eihera plazan), eta ekainaren 5etik uztailaren 15era Hondarribiko Akartegi auzoan. 2022an hasi ziren estrategia berri honekin, eskualdean antzemandako birziklatze-tasa %52 inguruan gelditu zela ohartuta. Kontuan hartu behar da, Europako irizpide eta helburuei jarraituz, 2030 urterako eskualdeko birziklatze-tasa %70ekoa beharko duela izan. Eta hartara heltzeko, ohiko hondakinen birziklatzea indartzeaz gain, hondakin organikoaren bereizketa sustatzea ezinbestekotzat jotzen dute Txingudiko Zerbitzuek.
Kanpaina auzoz auzo abian jarri zutenetik, eraginkorra izan dela ondorioztatu dutela nabarmendu du Leire Zubitur, Txinzerreko kudeatzaileak. Alde horretatik, azken bi urteetan eskualdeko birtziklatze-tasa %54tik %66ra handitu da organikoari dagokionean, eta birtziklatze orokorra dagokionean, berriz, %57ra igaro da.
Aldiz, BidaSos kanpainari dagokionez, Irungo Santiagon, Beraunen, Alde Zaharrean, Dunboan, Arbesen eta Meaka auzoetan %53tik %68ra igotzea lortu dute. Eta Larreaundin, Olaberrian, Behobian eta Artian egindako kanpainan, %56tik %71ra igo zen organikoaren birtziklapen tasa. Hondarribian ere gorakada nabarmena izan zen, Alde Zaharrean eta Portuan, adibidez, %46tik %63ra igo baita tasa.
Leire Zubitur, Txingudiko Zerbitzuetako kudeatzaileak azaldu digunez, orain Urdanibia auzoan hasiko dira, bertan birziklatze-tasa %40koa delako. Horiek hala, BidaSos bulego ibiltaria astelehenetik ostiralera 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara izango da zabalik. Larunbatetan aldiz, 09:00etatik 14:00etara.
Auzokideak informatu eta zalantzak argitzeko aukera eman nahi dute. Horretarako, bulego ibiltaria eta bi informazio kubo ezarri dituzte. Eta aurreko kanpainetan egin izan duten bezala, ingurumen hezitzaileak etxez-etxe ariko dira bisita informatiboak egiten.