Sanmartzialetan irundar sena eta izenak tortilla zaporea ere izango du

Antxeta Irratia 2025ko mai. 28a, 09:04

Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak Tortilla Irundarraren Nazioarteko II. Lehiaketa antolatu du ekainaren 15ean. Haien helburua errezeta klasiko hau berreskuratzea izan zen iaz, eta jaietan antolatu ohi diren patatazkoen ordez, bertakoa aldarrikatu eta hiriko plater tradizionalena bilakatzea nahi dute. Iaz 16 lagunek parte hartu zuten, eta aurten gehienez ere 20 tortilla onartuko dituzte. Ekainaren 8an itxiko dute izena emateko epea. 

Gehienez ere 20 parte-hartzaile onartuko dituzte ekainaren 15ean San Juan plazan ospatuko den tortilla lehiaketa berezi honetan. Ekainaren 8ko 20:00ak baino lehen izena eman beharra dagoela argitu dute auzo elkarteko antolatzaileek, aldezaharrasanjuan@gmail.com helbidera idatziz parte-hartzaileen datuak emanez.

Osagai eta tresna guztiak parte-hartzaileek eraman behar dituztela argitu dute. Koldo Susperregui auzo elkarteko kideak azaldu digunez, 8 arrautza, 100 gramo Baionako urdaiazpiko, onddoak aukeran (100 gramo), 3 piper gorri, tipula, txerri-gantza (olioa izan daiteke), perrexil freskoa eta gatza dira osagai nagusiak. Tortilla egin berria zerbitzatzen da ogi frijituzko zatiekin apainduta eta triangelutan moztuta. 

Errezeta berreskuratzeko nahia

Honakoa ez da Tortilla Irundarra berreskuratzeko azken urteotan egiten den lehen saiakera. Izan ere, Anaka Kofradiak errezeta liburuetatik berreskuratu eta Atalaia jatetxeko Inaxio Muguruza sukaldariak 2020an bertan sukaldatu zuen, eta neguko menuan dastatzera ematen hasi zen.

Anaka Kofradiako Agustin Moratek azaldu digunez, garai batean tortilla irundarra Morondo, Irureta eta Jaizubia jatetxeetan jan zitekeen. Eta iragan hurbilean ere, San Martzial eguneko hamaiketako gisa prestatzeko ohitura zegoen. Baina gaur egun irundar gutxi batzuk baizik ez dute gogoratzen. Errezeta honen lehen erreferentzia Ignacio Domenech sukaldari katalanak 1910. urtean plazaratutako “La Cocina Vasca” liburuan aurkitzen dugu. Eta 1964. urtean, Euskal Gastronomiaren Kofradiaren buletinean aipatzen zen, baita Mikel Corcuera Ulaica kritiko gastronomikoak ere, “Ondo Jan” aldizkarian 2018. urtean argitaratutako alean aipatu ere.

Argitalpen honetan esaten zuenez, Jaizubia jatetxean dastatu zuen Tortilla Irundarra Jesus Mangas jatetxeko jabekide eta Manuel Iza sukaldariaren eskutik. Eta Juan Jose Lapitz gastronomoak 2017. urtean hil aurretik aipatu zuenez, Urdanibia plazan zegoen Irureta jatetxean tortilla hau jan izana gogoratzen du, baina, aipatutako osagaiez gainera, bertan ganbekin prestatzen zuten. Establezimendu horrek egindako aldaera hura "Tortilla Irureta" gisa ezaguna izan zen. Beraz, ohiturak aldatu badira ere, Tortilla Irundarra ez da inoiz erabat desagertu. Baina Alde Zaharra San Juan auzo elkarteak indarrean jarri zuen iaz, eta aurtengo San Pedro eta San Martzial jaietan ere segida emango diote.