Kolonialismoa hizpide izango dute bihar Arbesko Toki Alai eskolan

Antxeta Irratia 2025ko mai. 28a, 12:58

Udaberriko Eskola Politikoaren azken aurreko saioa egingo dute ostegun honetan, 18:30ean, Irungo Arbes auzoko Toki Alai eskolan. Oraingo honetan, “Kolonialismoa, gaur eta hemendik” izeneko formakuntza praktiko eta teorikoa proposatuko du EHko Migratu eta Arrazializatuen Sareak. 

Bor Bor Hausnarketa Kolektiborako Plazak Irunen antolatutako Udaberriko Eskola Politikoa azken txanpan sartu da. Maiatzaren 29an, ostegunean, “Kolonialismoa, gaur eta hemendik” izeneko saioa antolatu du, aurrekoetan bezala, Irungo Arbes auzoko Toki Alai eskolan, 18:30ean. Aurrekoetan "Feminismo materialista zaintza iraultzeko" eta "Marxismoa, klase borroka eta inperialismoa" landu zituzten Lore Lujanbio Etxeberria eta Andre Bartolo adituekin hurrenez-hurren. Oraingoan, aldiz, EHko Migratu eta Arrazializatuen Sareko Luciana Alfaro Lavadok eskainiko du formakuntza.

Euskal Herriko borroka historikoaren testuinguruan, kapitalismoaren, patriarkatuaren eta inperialismoaren aurkako tresna teoriko eta praktikoak lantzeko espazioa izan nahi du Eskola Politikoa. Klase borroka, nazio askapena eta feminismoa uztartuz, eztabaida kolektiboaren bidez ekintza politikorako bidea egiteko proposamenak eginez.

Andoni Egia, Borbor kolektiboko kideak aipatu digu ostegun honetarako prestatua duten saioa. Eta iragarri digunez, azken saioa, ekainaren 5ean izango da, “Burujabetza iraultza: bide bat euskal errepublikara”, Unai Apaolaza Amenabarren eskutik.